Ondarroa AEko gazteak, txapeldun Oriako Traineru Jaitsieran
Senior mailan, gizonezkoetan bosgarren sailkatu da Ondarroa, eta hamazortzigarren Mutriku. Emakumezkoetan, berriz, zazpigarren amaitu dute ondarrutarrek.
Oriako 28. Traineru Jaitsiera zapatu arratsaldean (otsailak 19) lehiatu zuten, eta gazte mailan Ondarroa izan zen onena. Senior mailan, gizonezkoetan Bermeo-Urdaibai eta emakumezkoetan Oriok lortu zituzten banderak, eta beteranoetan, berriz, Club Chapelak.
15 minutu, 51 segundo eta 37 ehunenetan amaitu zuten ondarrutar gazteek. San Juan sailkatu zen atzetik, 9 segundo eta 66 ehunenera, eta San Pedrokoak izan ziren hirugarrenak, ondarrutarrengandik 43 segundo eta 50 ehunenera.
Senior mailari dagokionez, 20 minutu, 19 segundo eta 96 ehunenetan estropada amaituta eskuratu zuen bandera Bermeoko klubak; segundo bakarreko (01,15) errenta atera zion Hondarribia bigarren sailkatuari. Donostiarra sailkatu zen hirugarren, irabazlearengandik zortzi segundo eta 79 ehunenera.
Gizonezkoen 26 traineru uretaratu ziren. 20.50.08ko denboragaz zortzigarrena izan zen Ondarroa, Bermeorengandik 30 segundo eta 12 ehunenera. Mutriku 21. sailkatu zen, irabazlearengandik 2 minutu, 10 segundo eta 82 ehunenera.
Emakumezkoen traineruen artean, ostera, alde handiagoa egon zen. 14.59,75 markatu zuen amaiera Oriok, eta Tolosaldea Arraun Kluba bigarrenak hamazazpi segundo eta 61 ehunen gehiago behar izan zituen estropada burutzeko. Gizonezkoetan modura, emakumezkoetan ere Donostiarra hirugarren postuan geratu zen, etxeko taldearengandik 25 segundo eta 52 ehunenera. Ondarrutarrak zazpigarren geratu ziren, oriotarrengandik minutu 1, 2 segundo eta 73 ehunenera.