Txakur kaken arazoari irtenbidea bilatzeko bilera egingo dute Lekeition
Txakur jabeen iritziak entzun eta kakak zergatik ez diren batzen aztertu nahi dute. Bilera barikuan [otsailak 25] egingo da kultur etxeko Azkue aretoan.
Txakur kaken gaiari denen artean erantzun bat eman asmoz, txakur jabeekin bilduko dira Lekeitio Lagunkoia ekimeneko boluntarioak, eta haien iritzia jasoko dute. Lekeitio Lagunkoiaren helburua herritar guztientzako udalerri eroso eta adeitsuago bat lortzea da, eta horretarako diagnostiko bat egin zuten herritarren nahi eta kezkak jasotzeko. Diagnostiko horretan hauteman zutenez, lekeitiarren kezketako bat herriko kaleetan maiz agertzen diren txakur gorotzak dira, eta herritarren artean elkarbizitza arazo bat sortzen dute. “Txakurra zaintzea eta txakurraren kakak batzea jabearen ardura dira, eta kasu askotan zergatik ez diren batzen aztertu nahi dugu, konponbideak bilatu eta kaleak garbiago izateko asmoz”, azaldu dute.
Kanpaina. Arazoari konponbidea eman asmoz, kanpaina txiki bat abiarazi zuten 2021eko otsailean. Txakurren kakak batzeko hainbat kartel jarri zituzten herrian, horri buruzko sentsibilizazioa sustatzeko. Maiatzean, berriz, kanpainagaz jarraituz, txakur jabeen iritziak eta proposamenak jasotzeko inkesta guneak jarri zituzten herrian, eta kanpainagaz amaitzeko bilera egingo dute orain, herriko txakur jabeekin, “gaia elkarrekin lantzeko”. Hori dela eta, txakur jabe guztiak gonbidatu dituzte barikuan [otsailak 25] kultur etxeko Azkue aretoan egingo den bilerara. Hitzordua 18:30ean izango da.
“Helburua pertsonen arteko bizikidetza hobe bat lortzea da”, azpimarratu dute, eta bide horretan, beste arlo batzuk lantzen hasiko direla aurreratu dute.