Webgunea eguneratu du Aulestiko Udalak
Diseinua berritu diote webguneari, herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzeko. Telefono mugikor eta tabletetatik ere ikusi ahalko da hemendik aurrera.
Aulestiko Udalak Interneteko ataria eguneratu du diseinu eta funtzionalitate berriak emanez, herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzeko. BiscayTIKen eskutik eguneratu dutela udaleko webgunea azaldu du Jone Antsotegi Ikazuriaga Aulestiko alkateak. “Zazpi bat aukera eman zizkiguten eta gure beharretara hobetoen egokitzen zena aukeratu dugu”, argitu du.
Informazioa eguneratu dute, eta egokitu egin dute erabiltzeko eta ulertzeko errazagoa izateko. Alde batetik, udalerriko azken albisteak eta herriko ekintzen berri aurkituko dituzte erabiltzaileek webgune berrituan, eta bestetik, udalaren eta herrian eskaintzen diren zerbitzuen informazio guztia: osoko bilkuren egutegia, ordenantzak edo udal iragarkiak esate baterako. Aulesti bisitatu nahi dutenentzako edota udalerriaz gehiago jakin nahi dutenentzako informaziorik ere ez da falta. Horrela, bertan aurkituko dituzte erabiltzaileek herriaz gozatzeko aukera guztiak, non jan, non lo egin… eta baita, bestek beste, Aulesti, 130 urte kiƱu baten liburua ere, herriaren historiaren informazio-iturri modura. Herriko elkarteen berri, Udaletik aldizkaria eta argazki galeria bat ere baditu erabiltzaileak eskura.
Horrez gain, Izapideak egiteko aukera edota horien gaineko informazioa lortzeko bidea ere ematen du webguneak, herritarrek zer egin eta non egin dezaketen jakin ahal izateko. Webgunea, gainera, telefono mugikor eta tabletetatik ikusi ahalko da hemendik aurrera; atarian berrikuntza batzuk egin dituzte eta horietariko bat izan da tamaina ezberdineko gailuetara egokitzea.