Berriatuko Udalak lurrak erosi ditu alokairu sozialerako
Guztira, hamabi etxebizitza eraikitzeko aukera egongo dela aurreikusten dute. Eusko Jaurlaritzak eraikiko ditu etxebizitzak.
Urepel plazaren gainean dauden lurrak erosi ditu Berriatuko Udalak lursail horretan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. Jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzagaz lankidetza hitzarmen bat adostu dute, eta horrela, udalak partzela utziko dio Etxebizitza Sailari, eta horiek izango dute etxebizitzak eraikitzeko ardura.
Guztira, hamabi etxebizitza eraikitzeko aukera egongo dela aurreikusten dute, eta etxebizitza sozial berriak alokairu erregimenekoak izango direla zehaztu dute. Udalak 280.000 euroko inbertsioa egin du lurrak erosten. Eraikin berriak udalerrian identifikatutako beharrei erantzungo diela esan dute udal arduradunek.