Ukrainako gerraren aurkako elkarretaratzea egin dute Markina-Xemeinen
Hainbat herritar batu ziren domeka [otsailak 27] eguerdian udaletxe aurrean gerrarik ez dutela nahi esateko. Ukrainako errefuxiatuentzako janari, medikamentu eta jantziak batuko dituzte.
Besta hainbat herritan bezala, Ukrainako gerraren aurkako elkarretaratzea egin zen domekan [otsailak 27] Markina-Xemeinen. Udaletxe aurrean elkartu ziren hainbat lagun, gerrarik ez dutela nahi aldarrikatzeko. Udalerrian bizi den ukrainar batek egin zuen deialdia WhatsApp bidez eta erantzun zabala eduki zuen.
Era berean, elikagaiak, arropa, sendagaiak, pixoihalak, umeentzako esnea… biltzen hasiko direla jakinarazi zuten, ezer barik dauden errefuxiatu ukrainarrei bidaltzeko.
Bestalde, Markina-Xemeingo moldaviarren elkarteak diru bilketa bat jarri du abian Ukrainako errefuxiatuei laguntzeko. Azaldu dutenez, jasotzen den guztia oinarrizko premiak asetzera bideratuko dute. Ekarpenak Moldavos Noroc elkarte soziokulturalaren kontuan egin behar dira (ES74 0182 1244 5702 0155 9610).