1976ko martxoaren 3an greban hildako langileak omenduko dituzte Ondarroan
Sarraskia gogoratzeko ekitaldia eguenean [martxoak 3] egingo dute, Alamedako gudarien aldeko monolitoaren aurrean. Hitzordua 19:00etan ipini dute.
Aurten 46 urte beteko dira langileen eskubideen defentsan borrokan zeuden bost langile erail zituztela Gasteizen, eta data esanguratsu hori baliatuta, elkarretaratzea eta lore eskaintza antolatu dituzte LAB sindikatuak eta Ernai Gazte Antolakundeak. Ekitaldi xumea, baina “berezia” izango dela esan dute antolatzaileek. “Agurra ere dantzatuko dugu, eta ekitaldia borobiltzeko, abestu ere egingo dugu. Besteak beste, Internazionala eta Eusko Gudariak abestuko ditugu”.
Langile mugimenduaren ikur bihurtu da eguna, eta 46 urte geroago ere, Gasteizko Zaramaga auzoan hil zituzten langileen aldarrikapenak oraindik ere bizirik daudela azpimarratu, eta sarraskiaren erantzuleek zigortu barik jarraitzen duela gogorarazi dute. “Gure aitortza eta gogoa Pedro Mari Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Peredari, eta baita Gasteizko sarraskia salatzeko elkartasun manifestazioen aurkako errepresioaren ondorioz hil zirenei ere”.
Gasteizko sarraskia, hain zuzen, langileriak Euskal Herrian inoiz jasan duen erasorik latzena izan da. Greba egun bat zen, eta 5.000 pertsona inguru zeuden batzar batera joanda, Gasteizko Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan. Batzar baketsua desegiten saiatzeko, elizaren barruan zeuden milaka langileei gas negar eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko, eta, elizaren ate bakarretik irten ahala, 2.000 tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek. Bost langile hil zituen Espainaiko Polizia Armatuaren oldarraldiak eta tiroketak, eta 150 lagun zauritu zituzten, asko larri.