Mikel Otegik alta jaso du, baina isolamenduan egon beharko du tuberkulosiagatik
Etxerat-ek ohar baten bidez jakinarazi duenez, Ondarroako bizilaguna Iruñeko espetxera eraman dute berriro, Nafarroako Ospitalean sendagiria jaso ostean.
Zehaztu dutenez, 21 egunez isolatuta egon beharko du espetxean, izan ere, bere gaixotasunari aurre egiteko tratamendua sei hilabetez luzatuko da. Otsailaren 15ean jakin zen, hain zuzen ere, 49 urteko presoa ospitaleratuta zegoela; astebete lehenago ospitaleratu zuten urgentziaz. Ospitalean, COVID-19aren proban positibo eman, eta koronabirusagatik gaixo daudenen solairuan ingresatu zuten. Gaitza gainditu ostean egindako probetan oinarrituta, biriketako tuberkulosia diagnostikatu zioten.
Etxerat-en iritziz, orain “beste aukera on bat” dago Otegi aske gera dadin, “gainerako euskal preso politikoak bezala”. Zentzu horretan, gogora ekarri dute gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hemezortzi preso daudela. “Osasunerako eskubidea bermatu behar da, eta, gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen kasuan, haien kondenak eten behar dira”.