Umeak izan dira protagonistak Lekeitioko inauterietan
Eskola eta Ikastoletako ikasleak mozorroekin jantzita hartu dituzte herriko kaleak kalejiran.
Gaur [martxoak 1] txikienak izan dira mozorroak erakusten lehendabizikoak. 10:30ean izan dute hitzordua eskolako eta ikastolako neska-mutilek. Kalejiran irten dira denak Lekitto musika bandak lagunduta. Ateatik hasi dira eta plazan amaitu, bidean herriko kale nagusiak zeharkatu dituzte jai giro ederrean. 2020an ez bezala, ateri irten da eguna kostaldean, eta jendetza irten da kalera.
Protagonista nagusiak umeak izan dira, kale osoak hartu dituzte haien mozorroekin. Gaur egun pil-pilean dauden gaiak jorratu dituzte batzuk, Ukrainiarentzako mezu bereziak helaraziz. Energia nuklearraren arriskuaz ere ohartarazi dute beste batzuek. Hala ere, mozorro tradizionalentzako tokia ere egon da, denetarako dago inauterietan. Kirola izan dute ardatz batzuek; futbolariak, Isuntzako arraunlariak, mendizaleak, auto gidariak… animalia mota asko ere egon dira – lehoiak, ardiak, hartzak, pandak…- baita astronautak edo paraxutistak ere. Kaleetako alboetako espaloietan, bigarren plano batean, batu dira guraso, senide eta lagunak. Denek miresmen eta harrotasun begiekin animatu dituzte herriko txikienak.
Behin kalejira amaituta, ikastolakoek antzerkia osatu dute frontoian, aurtengo gaia garraioa izan da. Eskolan, berriz, klima aldaketa izan dute hizpide eta jolastokian egin dute jaialdi-ikuskizuna. Lekeitioko inauterietako egun handiak aurrera egin du arratsaldean, eguraldia lagun izanik. Meri, Mari eta Lari umeentzako ikuskizuna, Yogurinha Borova eta Maria Urzelai ipuin kontalariagaz plazan. Egun osoan umeak protagonista izan arren, nagusiek hartu dute txanda azken orduetan Orkestra elektrotxarangagaz.