Ailegatu da antxoa portuetara
21,6 tona saldu dira kosterako lehen jardunaldian Ondarroan. 4,70 euroan saldu dira sortarik garestienak eta 0,88 euroan, merkeenak. Hondarribiko 'Itsas lagunak' ontziko marinelek deskargatu dituzte lehen garauak.
Sasoiari dagokion legez, antxoaz betetzen hasi dira euskal portuak. Martitzenean [martxoak 1] eman zioten hasiera kosterari ofizialki, eta lehen garauak ere egun berean ikusi ziren arrandegietan eta herritarren plateretan. Astelehenen [otsailak 28] gauean itsasoratu ziren baxurako ontziak, eta antxoa nahian Bizkaiko Golkoan barrena han-hemenka ibili ostean, Kantabriako uretan sareratu zuten arraina; SantoƱa, Laredo eta Castro inguruan arrantzatu zituzten denboraldiko lehen aleak.
Ondarroan antxoa porturatzen lehenak Hondarribiko Itsas lagunak ontziko marinelak izan ziren. 30 kaxa (240 kilo inguru) deskargatu zituzten lehen bentarako. 4,70 euroan ordaindu zen kiloa, dena ere “freskorako” saldu zen, arrandegietarako. Bentako arduradunek esan dutenez, antxoa “nahikoa gaztea” lehorreratu zuten, kiloan 48 ale ingurukoa.
Getariako, Hondarribiko, Orioko eta Galiziako ontziek ere lehorretaratu zuten arraina martitzenean. Guztira, 2.700 kaxa antxoa (21,6 tona inguru) lehorreratu zituzten kanpainako lehen jardunaldian. Oro har, tamaina txikiko arraina saldu zuten, kiloan 48 eta 70 ale ingurukoa. Tamaina aldetik txikia izan zenez, merke saldu zen, 2,60 euroan, bataz beste. Lehen kiloak 4,70 eta 4 euro bitartean saldu baziren ere, orduek aurrera egin ahala horien merkaturatze balioa merketzen joan zen; sortarik merkeenak 1,70 euro eta 0,88 euro bitartean saldu ziren.
Antxoa ez zen martitzenean Ondarroan porturatu zuten arrain bakarra izan. Berdela, sardinak, boga eta txitxarro txikiak ere lehorretaratu zituzten baxurako ontziek. Denetara hogei bat ontzik lehorreratu zuten arraina, eta mota guztietako 12.000 kaxa deskargatu zituzten guztien artean.
Bentako arduradunek emandako datuen arabera, 120 berdel kaxa deskargatu zituzten, 1.260 kilo inguru; hori bai, antxoa baino garestiago saldu zen bentan, 3,70 euro inguruan kiloa. “Berdel gaztea izan zen, kiloan bospasei ale ingurukoa”. Beste 5.000 kaxa sardina ere lehorreratu zituzten; kiloa 1,90 eta 1,20 euro bitartean saldu zen. Baita ere 2.000 txitxarro txiki kaxa eta 1.000 kaxa boga.