Zabalik dago Mutrikuko Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketara lanak aurkezteko epea
Kontakizunak posta elektronikoz bidali behar dira, eta horiek aurkezteko azken eguna apirilaren 1a da. 900 euro banatuko dituzte saritan.
Mutrikuko Kultura Batzordeak Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketa jarri du abian bosgarrenez. Edonork parte hartu ahal izango du, eta bakoitzak nahi beste lan aurkezteko aukera edukiko du. Hori bai, egile bakoitzak sari bakarra jaso ahalko duela gogorarazi dute. Gaia librea da eta, gehienez ere, 100 berbako kontakizunak jasoko dituzte. Lanak, gainera, euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira.
Nola aurkeztu? Antolatzaileek iragarri dutenez, lanak aurkezteko modu bakarra egongo da: kultura@mutriku.net posta elektronikoan jasoko dituzte lan guztiak. Parte hartzaileek bidaltzen duten mezuari bi fitxategi erantsi beharko dizkiote: batean, idazlana bidaliko dute goitizenez sinatua eta, bestean, egilearen datu guztiak, nortasun agiriaren kopia barne.
Ohi modura, hiru sari banatuko dituzte:
- 18 urtetik gorakoen lan onena: 500 euroko saria.
- Mutrikuarren arteko lan onena: 200 euroko saria.
- 18 urtetik beherakoen lanik onena: 200 euroko saria.
Epaimahaia Mutrikuko Kultura Batzordeak izendatuko du, eta hartzen duen erabakia “aldaezina” izango da. “Aurkeztutako lanek maila egokirik ez balute, sariak eman gabe gera litezke. Mutrikuko Udalak beretzat gordetzen du saritutako lanak argitaratzeko eskubidea, egileen izenak aipatuta, betiere”. Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehigarri guztia udalaren webgunean daude.