Bizkaiko banakako zesta-puntako finalak jokatuko dira, Berriatuan
Bihar [martxoak 4] jokatuko dira, emakumezkoen gazteen mailan Arai Lejardi-Maialen Aldazabal da finala eta gizonezkoen lehen mailan Julen Iriondo-Unax Vidal. Etzi [martxoak 5] gizonezkoen bigarren mailakoa jokatuko da, Egoitz Urrejola Gorka Mugartegiren aurka.
Egun handia izango da biharkoa Berriatuan. Lau finalistetatik hiru berrituarrak dira. Jaialdiari 19:15ean emango zaio hasiera emakumezkoen gazte mailako finalagaz. Nor baino nor arituko dira Maialen Aldazabal (Berriatua B) eta Arai Lejardi (Markina-Xemein B).
Markina-Xemeindarrak 25-21 irabazi zion Ihart Arakistaini lehen jardunaldian, eta 30-17 finalerdietan Naia Calvori, bi norgehiagokak Isparteko frontoian jokatu ziren. Maialen Aldazabal ere partidarik galdu barik heldu da finalera. Puntista berrituarra oso nagusi izan da bi partidetan, lehenengoan 25-15 gailendu zitzaion Helena Basterretxeari, eta 30-15 Elaia Gogenolari. Ondorioz, final berdindua espero da.
Bigarren partida gizonezkoen lehen mailakoa final handia izango da. “Jende asko eta giro polita” espero dute bi protagonistek: Julen Iriondok (Berriatua A) eta Unax Vidalek (Berriatua B). Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar, “batera entrenatzen dugu”. Bi berrituarrek partida bakar bat behar izan dute finalera ailegatzeko.
Iriondok 25-13 irabazi zion Alex Goitiari finalaurrekoetan. Partida oso berdindua izango dela azpimarratu du, “Oso ondo ezagutzen gara, modalitate honetara ohituta ez gauden arren, antzeko jokamoldea dugu”. Lehiako gakoen inguruan galdetuta, Iriondok oso argi dauka erantzuna: “Huts gutxien egiten dituenak irabaziko du txapela, jokaldietan asmatu beharko dut”.
Unax Vidal antzeko ikuspuntutik aztertu du finala. “Partida oso gogorra izango da, etxean jokatuko dugu, gure frontoian, gure pilotekin, beraz, suerte puntu hori oso garrantzitsua izan daiteke”. Vidalek lehen jardunaldian 25-19ko emaitzagaz nagusitu zitzaion Jon Ibarluzeari, finalaurrekoetan Jon Zabala zuen zain, baina punstista markina-xemeindarrak arazo fisikoengatik ezin izan zuen jokatu, eta berrituarrak zuzenean finalerako txartela eskuratu zuen.
“Etxean jokatuko dugu, gure lagun, familia eta senideen aurrean, gainera herrian tradizio handia dago eta barikua egun ezin hobea da giro eder batez gozatzeko”.
Nahikoa ez. Etzirako utzi dute antolatzaileek gizonezkoen bigarren mailako finala, 12:00etatik aurrera Mendibarren frontoian. Berrituarrik gabeko partida izango da, Egoitz Urrejola (Ezkurdia Jai-Alai) eta Gorka Mugartegi (Markina-Xemein) egongo dira aurrez aurre.
Urrejolak kostata irabazi zuen finalerako partaidetza, 25-23 gailendu zitzaion Danel Mandiolari. Mugartegik, berriz, ez zuen finalaurrekoa jokatu Covid-19a dela eta.