Emakumeen etxeak: ahalduntzeko espazioak
2003an Ermuan lehen emakumeen etxea abiarazi zenetik, berdintasunaren aldeko espazio publikoak ipintzeko apustua egin duten herriak gero eta gehiago dira. Loraldi horren adibide dira Ondarroako Etxelila, Mutrikuko Lotune Jabekuntza Eskola eta Lekeitioko Andretxea.
Hiru proiektuak tokian tokiko aldarrikapenen bide luzearen ondorioa dira, eta herrietako emakume elkarteek egindako lanaren aitortza irudikatzen dute. Rosa Baltar Ondarroako udal berdintasun teknikaria ere bat dator baieztapen horregaz. Etxelila ez zela “halabeharrez” sortu azpimarratu du. “Hau guztia udalak berdintasun politikan eta politika feministan egindako ibilbide luzeari esker posible da. 20 urte baino gehiago daramazkigu berdintasun politikak lantzen. 1999an sortu zen lehen emakume batzordea eta 2001ean eratu zuten lehen Berdintasun Plana”.
2013ko martxoaren 7an inauguratu zuten Etxelila, hainbat urtez emandako “pauso sendoei esker”. Espazio propioa lortu ahal izateko ibilbide luzea egin behar izan zutela gogoratu du Baltarrek, eta hori guztiori prozesu parte hartzaile bati esker gauzatu zela gaineratu du. “Beste herri batzuetako emakume etxe eta esperientzia batzuk ezagutzera joan ginen, horiek gero gurera ekartzeko eta egokitzeko. 2012ko apirilean, gainera, jardunaldi batzuk egin genituen proiektua herriratzeko, eta zer nolako emakumeen etxea irudikatu nahi genuen pentsatzeko”.
2013an jaio bazen ere, ordurako Ondarroako Jabekuntza Eskolak bide luzea egina zuela ohartarazi du Baltarrek. “Lehenengo formazio eskaintza 2005ean eskaini genuen”. Hain zuzen ere, emakumeek hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ikasteko topaleku izateaz gainera, adin eta jatorri guztietako emakumeekin bizipenak elkartrukatzeko tokia bihurtu da Etxelilan kokatutako Jabekuntza Eskola.
Urtero feminismoarekin lotura estua duten hainbat arlo landu eta beste hainbat esparru ikutzen dituzten ikastaroak, berbaldiak, tailerrak eta erakusketak eskaintzen dituzte bertan. Urteak aurrera joan ahala, ekimen berriak ere sortu dituzte. Lau parte hartze gune daude sortuta: Aringaingan, Literaturaz eztabaidatzeko gunea, Andrabanda Feminista eta Neska Gazteen Txokoa.
Mutrikuko Lotune Jabekuntza Eskola, berriz, proiektu sortu berria da. Ainhize Azpiazu Feminismo alorreko zinegotziak esan duenez, 2021aren amaieran jaio zen Lotune; abiapuntua iaz martxoan Haztera goaz lelopean egindako Jardunaldi Feministak izan ziren. “Proiektua gauzatu eta horri bultzada ematea geneukan buruan, eta horregatik antolatu genituen jardunaldiak ere”.
Hurrengo hilabeteetan mugimendu feministarekin eta beste hainbat eragilerekin batera gauzatutako parte hartze prozesuan hasi ziren finkatzen eta diseinatzen zer nolako Jabekuntza Eskola nahi zuten. Lotune behin sortuta, urtarrilean talde motorra osatu zuten, eta hortik lehen hiruhileko programazioa ere abiarazi dute. Oraingoz hiru hilabetetik behin kaleratuko dute eskaintza. Mutrikun, baina, ez dute erreferentziazko espazio propiorik. Zabiel kultur etxeko ganbara eta hitzaldi aretoa erabiltzen dute euren jarduna gauzatzeko.
Lekeitioko Andretxea ere iaz gauzatu zen, Lekittoko Mugimendu Feministiak egindako ahaleginari esker. 2019ko martxoaren 8ko greba feministan sortu zen hazia. “Lekeitioko emakumeen beharrizan ezberdinak plazaratu eta partekatu genituen asanblada batean. Lantalde ezberdinetan banatu, eta zertzuk gauzak arduratzen gintuzten aztertu genuen. Geure espazio propioa behar genuenaren kezka lantalde bat baino gehiagotan errepikatu zen, eta hortik premia bat bazegoela identifikatu genuen”, dio Amaia Nicholson Lekeitioko Mugimendu Feministako kideak.
COVID-19ak eragindako krisi orokorrak, baina, borroka feminista “mugatu” egin zuela azpimarratu du, eta euren asmoa “airean” geratu zela gaineratu du Nicholsonek. Iaz, martxoaren 8ko balorazioa egiterakoan gaiak erdigunera irten zuen, eta aurretik irudikatzen hasitako asmoari “buru-belarri kolpe egitea” erabaki zuten. “Udalagaz udara arte egon ginen negoziatzen, eta hor erabaki zen udalak emango zigula lokal bat. Epaitegi zaharrean dagoen lokal hori ez dago orain erabilgarri, baina behin-behinean, Santa Katalina kaleko 1ean dagoen lokal bat alokatu du udalak”.
Urrian inauguratu zuten lokal berria, eta ordutik askotariko ekintzak egiteko aukera eduki dute; hilean behin herrira begirako ekintza bat antolatzea da euren asmoa. Gogorarazi dutenez, lokaleko ateak zabalik dituzte. “Edozertarako, eguaztenero, 18:30etik 20:00etara egoten gara bertan”. Aurrera begirako asmoak ere zehazten hasita daude. “Gure helburua Lekeitio feminista bat lortzea da, eta hori lortzeko tresna bat da Andretxea. Hau guztia hasi besterik ez da egin. Zer funtzionamendu eta izaera nahi dugun eduki, aurrerago erabakiko dugu”.