M8, aldarrikapen zein ospakizun
Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekintzak asteburuan hasiko dira bertoko herrietan, eta datorren asteburura arte hamaika jarduera egongo dira aukeran.
Ateak joka dago Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Aldarrikapen zein ospakizunetarako eguna izaten da, eta aurten martitzenez badator ere, asteburuan hasita, emakumeak oinarri dituzten hainbat ekintza egingo dituzte eskualdean, eta datorren asteburura arte luzatuko dira. Ume zein nagusientzako hamaika ekintza egongo dira aukeran.
Euskal Herriko Bilgune Feministaren leloagaz bat egin dute bertoko mugimendu feministek ere, eta zaintza jarriko dute erdigunean berriro: Zaintzen paradisu artifizialak erretzen… Zaintza sistema publiko eta komunitarioa orain!
«Sortzen den enplegu pribatua erabat prekarioa da, lan-baldintza zalantzagarriak eta ziurtasunik eza. Lan honen gehiengoa emakume migratu eta arrazializatuek egiten dute. Zaintza sistema publikoan ere, lan feminizatua da zaintzena, garbiketarena, artatzearena. Sistema publikoa desmantelatzen ari dira, eta pribatizaziorako bidea irekitzen, zaintza merkantilizatzeko aukerak biderkatuz. Horrek langile publikoen egoera kaskartzeaz gain, indibidualismorako joera, klase arrakala eta komunitatearen galera sortzen du», azaldu dute Bilgune Feministako kideek.
[IKUS EGITARAUA, HERRIZ HERRI]
Arazoa «sistemikoa» dela diote eta, beraz, zaintzen ulerkera eta eredua aldatzeak «egungo antolaketa soziala transformatzea» dakarrela uste dute: «Zaintzak ezinbestekoak dira gure gorputzak eta komunitateak burujabeak izan daitezen. Hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna mantendu eta kudeatu ahal izateko». Horregatik, zaintzaren ardura «kolektiboa» izan behar duela deritzote: «Bakarrik ondo jositako sare batek eutsi ahal die kapitalismoaren oldarraldiei».
Edertasun kanonak. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo kanpainak, berriz, emakumeen edertasun kanon «zorrotzaren eta hipersexualizazioan» jarri du arreta. Neskek, eta emakumeek oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten gehiegizko presioan eragin gura dute. Lau neskato dira kanpainaren protagonistak, eta, Berdintasunerako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, helburua da gizarteari erakustea «garaiz gaudela» emakumeen hurrengo belaunaldiei beste etorkizun bat eskaintzeko, «euren gorputzen eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabe bizi daitezen, presio horrek asko mugatzen duelako haien bizitza».
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak nabarmendu du emakumeen «kosifikazioak eta sexualizazioak» berdintasun eza eragiten dutela. Gaineratu du, saihestu egin behar dela emakume eta neskatoak gorputz hutsetara murriztea, «ondorio kaltegarriak dituelako».
[IKUS EGITARAUA, HERRIZ HERRI]
More koloreagaz lotuta dago Martxoaren 8a. Mutrikun, azken urteetan, Txurruka Plaza morez janzten dute, eta aurten ere ohitura horri eutsiko diote: 09:00etan jarri dute hitzordua plaza apaintzeko. Ondarroan, ohikoa bihurtu den legez, balkoiak morez janzteko deia egin du Ondarroako Mugimendu Feministak. 19:00etan Alamedan elkarretaratzea egingo dute, baina aurretik, bestelako hainbat ekintza egiteko aukera egongo da leku berean. Besteak beste, umeen gunea, informazio mahaiak, txapen banaketa, txokolate jana eta perkusio tailerra egingo dituzte. Gainera, aurten Antiguako Amako luntxa eta dantzaldia berreskuratu dituzte. Biharko ipini dute hitzordua.
Martxoaren 10ean (eguena), berriz, Itsasoan gaittun dokumentala proiektatuko dute, Ondarroako Kofradia Zaharrean. Dokumentalak emakumeek itsasoari eta arrantzari lotutako gaietan daukaten garrantzia azpimarratzen eta erakusten du; lau ondarrutarrek parte hartu dute, eta dokumentalaren proiekzioan ere egongo direla aurreratu dute.
Herriz herri egongo dira ekimenak; Martxoaren 8an bertan Lea-Artibaiko eta Mutrikuko emakumeek kalera aterako dituzte aldarrikapenak eta hainbat dira herrietan antolatutako protesta eta jarduerak.