Lea Ibilbidea zelan hobetu aztertzeko irteera egin dute
Ispaster, Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti, Markina-Xemein eta Lekeitioko hainbat lagunek parte hartu dute ekimenean. Proposamenak udaletara bideratuko dituzte.
Lea Ibarra eta Ispasterreko bizilagun batzuek eta Lekeitio Lagunkoia taldekoek antolatuta, irteera bat egin da gaur [martxoak 3] Lea Ibilbidean zehar, bidea zelan dagoen ikusi eta hobekuntzak proposatzeko. Lekeitioko Ateatik irten eta Oleta ingururainoko tartea osatu dute.
Ispaster, Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti, Markina-Xemein eta Lekeitioko hainbat lagunek parte hartu dute behaketarako irteeran, eta partaidetako bat Pedro Zenigaonaindia Mendexako alkatea izan da. Eurekin batera abiatu dira baita Lekitto Bedarra taldekoak ere, ekimenean laguntzeko.
Helburua ibilbideko leku batzuk hobetu eta Arropainetik Lea zubira arteko lotura sortzea dela esan dute, eta beraz, bidean zeintzuk hobekuntza egin daitezken aztertu ondoren, dokumentu bateratu bat prestatu dute, eta hurrengo asteetan bakoitzak bere udalerriko udaletan aurkeztuko dutela azaldu dute.
Mendexako Ipidei baserriko aldapa kentzea eta beheko aldetik, hau da, erreka kontratik, bidea egitea proposatzen dute besteak beste. “Arropainetik Oletara arteko bide ertzean, espaloi bat egitea ere proposatuko da. Leako zubia ere hobetu beharra dago, anbulantzia ezin da-eta baserrietara sartu”.
Burdinola industriguneak eta Idurri, Bengoerrota eta Amilla baserriek ere Lekeitiora arteko espaloia behar dutela gaineratu dute.