Trabakuko lanak apirilaren erdialdean amaituko dira
Errepidea konpontzeko eta lehengoratzeko beharrezkoak izan dira lau jarduketa eta 1.598.400 euroko inbertsioa egitea.
Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, joan den 2021eko abenduan eta 2022ko urtarrilean izandako euriteen ondorioz apurtu zen Trabakuako errepide zatia normaltasunera itzultzeko egin behar izan diren lanen berri eman du. Azaldu duenez, errepidea konpontzeko eta lehengoratzeko beharrezkoak izan dira lau jarduketa eta 1.598.400 euroko inbertsioa egitea. Lanak apirilaren erdialderako amaitzea nahi dutela esan du, Aste Santurako.
Abenduko euriteen ondorioz, lehenengo, biltegi kolubiala irristatu egin zen urez gainezka zegoelako eta, ondorioz, mendi-hegalak behera egin zuen eta errepidea pitzatu eta hondoratu egin zen (39+300 puntu kilometrikoan), eta luizi berri baten ondorioz, zirkulazioari itxita geratu zen berriro Trabakuako BI-633 errepidea urtarrilaren 9an (39+100 puntu kilometrikoan); mendi-hegalak bat-batean behera egin zuen eta lokatz-fluxua sortu zuen.
Kalte horiek konpontzeko, lehen luizia gertatu zen lekuan errepidea kokatuta dagoen kolubiala egonkortzen ari dira pilote pantaila bategaz eta lau drain zulatzen biltegia drainatzeko. Horrez gain, haustutako errepidearen plataforma lehengoratuko dute aurreko jarduketa amaitzen dutenean.
Bigarren luizia gertatu zen lekuan, berriz, tortsio hirukoitzeko sare bat eta hainbat hesi dinamiko eta estatiko jartzen ari dira, eta lan horiek datozen egunetan amaituko dituztela jakitera eman du Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak.
“Trabakua komunikazio bide nagusia da Lea-Artibain bizi edo lan egiten duten bizkaitar askorentzat eta gure lehentasuna errepidea errekuperatzea izan da. Horretarako, teknikariek larrialdiko bypas azkar bat egin zioten eta horri esker, lur jausia larria izan arren, astebete eta erdi baino ez da egon itxita. Gure kalkuluen arabera, lehen luizian, 2.000 metro kubiko lohi erori ziren, eta teknikoek egindako lanari esker bypas bat daukagu. Eskerrak eman nahi dizkiet erabiltzaile guztiei erakutsitako ulermenagatik”.