Zaballako kartzelan dago Imanol Miner
Azken hilabeteak, Valdemoroko, Dueñasko eta El Duesoko kartzeletan egon da Ondarroagaz lotura berezia daukan preso hernaniarra.
El Duesoko (Kantabria, Espainia) espetxean zegoen Imanol Miner Villanueva preso politiko hernaniarra Zaballako kartzelan dago. Minerren hurrekoek HITZAri jakinarazi diotenez, gaur [martxoak 4] lekualdatu dute Ondarroagaz lotura berezia daukan presoa. “Eguerdian ailegatu da Zaballara”. Minerren bikoteak azpimarratu duenez, 21 urte egin ditu Euskal Herritik kanpo.
Espainiako Espetxe Erakundeek urtarrilaren 25ean eman zuten lekualdatzearen berri eta bost aste geroago hurreratu dute. Preso hernaniarra 2002ko maiatzaren 19an espetxeratu zuten eta 30 urteko zigorra ezarri zioten, denbora tarte horren ia guztia (19 urte) Granadako espetxean eman zuen preso, lehenengo graduan. Azken hilabeteak, Valdemoroko, Dueñasko eta El Duesoko kartzelan eman ditu; 2024ko azaroan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.