Lehia bizia, Berriatuko IV. Nesken Zesta-punta Txapelketako finalerdietan
Fnalistak erabakita geratu dira. Finalak asteburuan jokatuko dira Mendibarrenen.
Gabon ostean hasitako Berriatuko IV. Nesken Zesta-punta Txapelketa amaierara heltzen ari da. Zapatu [martxoak 5] goizean eta domeka arratsaldean [martxoak 6] jokatu dira finalerdiak Mendibarren frontoian. Beraz, erabakita daude finalistak.
Zapatuan, lehen mailan, Helena (Durango)-Eneritz (Mutriku) eta Erika (Markina-Xemein)-Arai (Markina-Xemein) bikoteak neurtu ziren alde batetik, eta Ihart-Naia eta Elaia-Maialen berriatuarrak, bestetik. Bi partidak oso lehiatuak izan ziren, eta puntistek joko bikaina erakutsi zuten. Lehen norgehiagokako irabazleak Erika-Arai izan ziren; 25-22 nagusitu ziren markina-xemeindarrak. Bigarren partida, berriz, tanto bakar bategatik erabaki zen, eta irabazleak Ihart eta Naia izan ziren.
Iparraldeko bikotea aurkeztu ez zenez, Lur (Markina-Xemein) eta Oaia (Mutriku) dira, alde batetik, txapelketako finalean egongo den bigarren mailako bikoteetako bat. Miren eta Frida izango dituzte aurkari. Markina-Xemeingo puntistak eta Zumaiakoak 25 eta 16 irabazi zuten zapatuan Janis eta Burne markina-xemeindarren kontra jokatu zuten partida, eta beraz, datorren asteko finalean egongo dira.
3. mailan, berriz, Ane (Mutriku)-Maia (Berriatua) eta Laia (Markina-Xemein)-Alize (Markina-Xemein) bikoteak aurkitu ziren aurrez aurre Mendibarren frontoiko kantxan. Partida oso lehiatua izan zen, baina Anek eta Maiak lortu zuten finalerako pasea 25-20 irabazita. Maila horretako beste finalaurrekoa domeka arratsaldean jokatu zen Irati (Andoain)-Izaro(Markina-Xemein) eta Amaia (Markina-Xemein)-Uzuri (Markina-Xemein) bikoteen artean. 25-15 nagusitu ziren Amaia eta Uzuri.
- 1. maila: Erika-Arai/Ihart-Naia
- 2.maila: Lur-Oaia/Miren-Frida
- 3. maila: Ane-Maia/Amaia-Uzuri