Loreekin eta musikagaz omendu dute Hugo Chavez Ziortza-Bolibarren
Chavez eta munduko beste iraultzaile batzuen ekarpena ekarri du gogora Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak, eta gaur egungo kontestuagaz alderatu du. Nancy Lira Ochoa Venezuelako Errepublika Bolivartarreko kontsulak parte hartu du ekitaldian.
Omenaldi xume bezain ederra eskaini diote gaur [martxoak 5] goizean Hugo Chavez Venezuelako presidente izan zenari Ziortza-Bolibarren. Simon Bolibar museoan egin da ekitaldia. Ziortza-Bolibarko alkate, udal ordezkari eta herritarrez gainera, bertan egon da baita Nancy Lira Ochoa Venezuelako Errepublika Bolivartarreko kontsul nagusia Bilbon.
Ekitaldiari hasiera emateko Chavez eta munduko beste iraultzaile batzuen ekarpena ekarri du gogora Alberto Garro Uribe Ziortza-Bolibarko alkateak, eta gaur egungo kontestuagaz alderatu du.”Chavezek, beste iraultzaile askok bezala, gauza bat erakutsi zigun, borrokak egin egin behar dira, baina jende pobreak sustatuta egin behar dira, herriaren beharrengatik eta haien ondoan. Chavezek erakutsi zigun beheko klaseetatik egin behar dela iraultza”. Gaur egun, ordea, kapitalisten arteko gerra bat gauzatzen ari dela adierazi du Garrok, “ideologiarik gabeko gerra zikoitza eta bloke interesatuen artekoa”.
Euskaldunak gerra bat zer den ondo dakitela gaineratu du: “Euskaldunok inork baino hobeto dakigu zer den gerra, Gernika ondoan daukagu, eta inork baino gehiago dakigu zer den erbestea. Euskaldunoi gutxitan eman digute erreferendum bat egiteko aukera, baina adin bat daukagunok erreferendum bat eduki genuen gure garaian blokeak direla-eta, eta guk blokeetan ez egotea aukeratu genuen, euskaldunok NATOren kontrako bozka eman genuen. Euskaldunok badakigu blokeetatik ez datorrela ezer, eta hori ikusita argi eta garbi, ez ditugu gaur egun Europan egiten diren politikak ulertzen”.
Nancy Lira: “Mundu gizatiarrago baten alde borrokatu behar zela esaten genuenean, beti hor zegoen gizona zen”
Errefuxiatuak lagundu behar direla ere azpimarratu du Ziortza-Bolibarko alkateak, baina Melillako hesia igarotzen saiatzen direnak ere errefuxiatuak direla gogoratu du: “Ukrainatik ihesi doazen errefuxiatuak ikusi ditudan telebista berean ikusi dut Melillako hesia pasatzen saiatzen ari den gizon bat, behean guardia zibilak zain zituela jipoitzen zuten bitartean, eta hura ere errefuxiatua da”.
Venezuelako kontsulak eskerrak eman dizkie alkateari eta herritarrei Chavez gogoan izatearren. Komandantea beretzako maisu, aita, eta lagun izan dela azaldu du, beragaz bizitako pasarte bat gogora ekarrita: “Mundu gizatiarrago baten alde borrokatu behar zela esaten genuenean, beti hor zegoen gizona zen, bere herriko gizona, eta horregatik gogoratzen dut aita, lagun eta maisu gisa”.
Lorea Zulaika Ziortza-Bolibarko musikariaren kantuek girotu dute gaurko oroitzapen ekitaldia, eta bere abestietako bat entzun bitartean bertaratutakoak krabelin gorri bat utzi dute Chavezen irudiaren ondoan.