Bertoko espezien landaketa egingo dute Munitibarren
Munitibarko Udalak eta Lurgaia Fundazioak deituta, 350 zuhaitz edo zuhaixka landatuko dituzte domekan [martxoak 13], Motrolloko udalaren lursail batean.
Munitibarko Udalak eta Lugaia Fundazioak elkarlanean, udal-lurzati bat lehengoratzeko proiektu bat egiten ari dira, eta bertako espezieen 350 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte domekan [martxoak 13], Motrolloko udalaren lursail batean.
09:00etan udaletxearen eta eskolaren atzeko aparkalekuan elkartuko dira, eta 13:30ak aldera amaitzea aurreikusi dute. Parte hartzeko izena eman behar da info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzita.
“Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ematen dituen eta, kasu honetan, gure basoen zati bat berreskuratzeko erabiliko diren kontserbazio-, lehengoratze- edo hobekuntza-ekintzak egiten dituzten udalentzako laguntzen barruan sartzen da. Domekan kotxe gutxitan antolatuko gara landaketara joateko. Beraz, kotxeetan joateko maskarillak eroatea eskatu dugu”, azaldu dute Lurgaiakoek. Eguraldiaren arabera, mendiko edo ur-botak eta uretako arropa eroatea gomendatu dute, eta “nahi dutenek kantinplora eta goiz erdian zerbait jateko eraman ditzakete”.
Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak esan du Motrollo mendian udazkenean udalak bota zuen 5.000 metro koadro inguruko lursaila birlandatuko dutela: “Hektarea erdiko lursail bat”.
Arkaitz Goikoetxea (Munitibarko alkatea): “Orain dela 20 urte bertoko landaredia edo bertoko espezieak berreskuratzearen erabakia hartu zen. Iaz berrartu genuen ekimen hori”.
Motrollo mendian udalak lursail handi bat dauka, 16 bat hektareakoa, eta iaz berrartu zuten bertarako egindako proiektua. Izan ere, Motrollon orain dela 20 bat urte hasi ziren landaketak egiten: “Udalaren jabetzako lursailetan pinuak sartuta zeuden, eta orain dela 20 urte bertoko landaredia edo bertoko espezieak berreskuratzearen erabakia hartu zen. Iaz berrartu genuen ekimen hori. Iaz gehienbat garbiketa lanak egin genituen, sastrakak eta sasiak kendu genituen, eta orain pauso bat gehiago ematen dugu landaketan, lursail bat bota egin dela aprobetxatuta. Egitasmo edo ekimen horreri jarraipena ematen zaio. Bertan orain arte egin ditugun gauzak ere auzolanean, denon artean egin ditugu. Eta orain pauso bat gehiago ematen dugu horretan, landaketa hau antolatuta”, dio Goikoetxeak.
Udalak Lurgaia Fundazioagaz elkarlanean egingo duen lehenengo landaketa da asteburu honetakoa.
Hala ere, fundazioagaz bertoko espezieak landatzeko beste proiektu bat daukate esku artean: «Herrigunean, udalaren lursail batzuetan birlandaketak egiteko proiektu bat daukagu, besteak beste hilerri inguruan. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren diru laguntza batera aurkeztu genuen, eta hor hasi zen gure elkarlana. Aurten urtean zehar gauza gehiago egingo ditugu alkarregaz”. Hain zuzen ere, proiektu horretarako laguntza eman diote udalari, eta aurten egin gura dute eremu horretako landaketa ere.