Beti Jai jubilatuen elkarteak bilera orokorrerako deia zabaldu du
Zapatuan [martxoak 12] elkartearen egoitzan izango da, bi deialditan: 11:00etan eta 11:30ean.
Markina-Xemeingo jubilatuak etengabe daude atzera eta aurrera begira. Gelditu barik. Urteko bilera orokorra antolatu dute zapaturako elkartearen egoitzan, Abesua kalea 12an. Segurtasun eta osasun neurriak uneoro betetzeko, bi deialditan banatu dute bilera. Lehendabizikoa, 11:00etan hasiko da, eta bigarrena, 11:30ean.
Gai zerrendari dagokionez, hasteko, aurreko aktaren irakurketa errepasatuko dute, eta aho batez onartu. Gero, 2021eko memoriaren garapena aztertuko dute. Arlo ekonomikoari begira, aurreko urteko diruaren eta aurrekontuaren gorabeherak izango dituzte hizpide. Azkenik, bilerari amaiera emateko, eskari eta galderentzako tartea zabalduko dute.
2021ean Beti Jai jubilatuen elkarteak, COVID-19 dela eta, egin gabe utzi behar izan zituzten egitasmoetako asko berreskuratu dituzte. Aurten bide beretik jarraitu nahi dute, herriko eragile nagusietako bat izaten jarraituz. Jakinarazi dutenez, “hitzaldiak, eskulanen trukeak, egun bat edo gehiagoko irteerak, karta txapelketak edota umeekin egin ditugun sagardoa, gaztainak eta San Blas opilak egiten jarraitu nahi dugu. Horrez gain, aurten jubilatuen bazkari handia berreskuratzea da gure helburu nagusietako bat bi urteko etenaldiaren ondoren”.