Gandiaga anaiak eta Malax eta Madariaga dira Beteranoen Txapelketako finalistak
Domekan [martxoak 6] jokatu ziren azken aurrekoetako bueltako partidak eta faboritoek ez zuten huts egin. Finalak martxoaren 27an jokatuko dira.
Domekan [martxoak 6] jokatu ziren azken aurrekoetako bueltako partidak eta ezustekoa emateko zorian egon ziren Rober eta Egaña gipuzkoarrak lehen norgehiagokan. Hala ere, Gandiaga anaiek lortu dute finalerako pasea, eta martxoaren 27an berriro txapela irabazteko faboritoak izango dira.
Roberrek eta Egañak oso ondo jokatu zuten, eta Gandiaga anaiak ia-ia berdinketa hausteko partidara eramatea lortu zuten. Galtzaileek atera zuten sakea, eta Eñaut Gandiagak bueltatutako lehen pilotak txapan jota 0-1 jarri ziren. Hala ere, Gandiaga anaiek berehala berreskuratu zuten agintea markagailua 9-4 jarrita. Baina Roberrek eta Egañak erreakzionatu egin zuten, eta 10-10 jarri ziren. Gandiaga anaiek berriro agintea hartu eta 20-14 jarri ziren. Gipuzkoarrak ez zeuden baina, partidari ihes egiten uzteko prest. Egañak, kokapen bikainagaz, errez eutsi zien Gandiaga anai nagusiak teilatutik bidalitako pilotakadei, eta Roberrek sakeaz baliatuz 6 tanto egin zituen, norgehiagokan bizirik mantendu eta 22-19 jarriz. Baina, berriro anaiak beste tanda bat eginda, 26-22 jarri ziren.
27. tantoa erabakigarria izan zen. Roberrek jokaldi eder bat egin ondoren, tantoa egin beharrean txapa jo eta 27. tantoa lortu zuten anaiek. 29. tantoan ere markagailuan hurreratzea lortu zuten Roberrek eta Egañak; 29-27 jarri ziren. Baina Berriatukoak sendo mantendu ziren, eta gai izan ziren euren jokoari eusteko. Horrela, finalerako pase zuzena eskuratu zuten.
Domekako bigarren finalaurrekoa irabazita, Malax eta Madariaga dira finalean egongo den bigarren bikotea. 30-12 irabazi zieten Jaunarenari eta Fosterri. Naiz eta galtzaileak 0-2 irabazten hasi, Malax eta Madariagak ez zuten utzi ezusterako lekurik, eta errez irabazi zuten norgehiagoka. Berehala jarri ziren 17-7 markagailuan, eta oraingoan, Jaunarena, ez zen gai izan aurrean bere ohiko tanto politak egiteko eta Fosterrek ere ez zuen lortu bere pilotak sarera sartzerik. Malax dejadak eginda eta horma biak erabiliz, abantaila sakontzen joan zen, 25-11 jarriz, eta galtzaileak nahiz eta arriskatu, ez ziren gai izan tantoak eskuratzeko.
Txapelketako antolatzaileek jakinarazi dutenez, datozen bi asteetan ez da txapelketako partidarik egongo, ordea, martxoaren 19an eta 20an, txapelketako partaideek ohiko bisita kulturala egingo dute Gartzaronera. Bertan, herritarrekin esku pilota txapelketa jokatu, inguruko herri txikiak ezagutu eta Mendikulo kobazuloak bisitatzeko asmoa dute.