Mundu Zabal elkarteak ohiko bilera antolatu du
Barikurako [martxoak 11] egin dute deia 18:00etan eta 18:30ean, Markina-Xemeingo Kultur Aretoan.
Gai-zerrendari dagokionez, hasteko, 2021eko maiatzaren 14ko aktaren irakurketa egingo dute, eta bidezkoa bada, onarpena. Ondoren, 2021ean garatutako proiektu solidarioen inguruan hitz egingo dute. Zenbaki kontuetan, 2021eko ekitalde eta aurrekontu ekonomikoa aztertuko dute. 2022rako jarduerak antolatuko dituzte, eta gero, batzordeko kargu berriak ezarriko dituzte. Azkenik, eskari eta galderentzako tartea zabalduko dute.
Gaur egun Markina-Xemeingo elkartearen proiektu nagusia Mundukide kooperazio kooperatibarekin batera Kolonbian osatzen ari dena da, Pasto hirian. Coemprender kooperatiba sendotzen laguntzeko programa dauka abian Mundukidek, Pasto hiriko birziklatzaileen bizi baldintzak hobetzeko.
Guztira 655 pertsonan daude lanean, 456 emakume eta 119 gizon, eta haien bizi baldintzak hobetzea dute helburu, haien prestakuntza, aholkularitza eta saretze lanak indartuz. Gainera, multzo baztertuak dira, kideen %90a hiriko maila ekonomiko baxuenetakoa da eta %40ak ez du ikasketarik. Birziklatzeko ohitura indartu nahi dute, tresna berriak eman, eta batez ere, gainontzeko herritarrei bizimodu honen garrantziaz kontuarazi.
Horregatik, jakinarazi dutenez, programaren helburu nagusietako bat birziklatzearen alde dagoen komunitate honi “hauspoa” ematea da, “entitateen laguntza behar dute oinarritik, eta aldi berean elkarte hauek aterki lanak egitea haiek egiten dituzte ekintzentzako”. 2021eko azaroaren 26an eta 27an lehen aldiz batu ziren Kolonbiako hegoaldeko birziklatzaileen elkarteak, guztira 14 elkarte ezberdineko 52 pertsona bildu ziren, 31 emakume eta 21 gizon.