Ugaitz Mugertza bigarren sailkatu da Binakako Aizkora Txapelketan
Txapela azken enborretan erabaki zen. Lanak amaitzen bizkorrenak Julen Alberdi 'Txikia IV'.a eta Suharri Rodriguez izan dira. Irabazleek minutu pasatxoko aldea atera diote Julen Gabirondo eta aizkolari mutrikuarrari.
Domekan [martxoak 7] Egur Sportek antolatutako Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala jokatu zuen Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Julen Gabirondorekin batera osatu zuen bikotea, eta gutxigatik, txapela bosgarren bidar janzteko aukerarik gabe geratu zen. Julen Alberdi Txikia IV.a eta Suharri Rodriguez izan ziren nagusi; 25 minutu eta 55 segundo behar izan zuten txapela irabazteko. Mugertza II.ak eta Gabirondok minutu 1 eta 11 segundo gehiago behar izan zituzten lanak amaitzeko; 27 minutu eta 6 segundotan geratu zuten kronoa.
Podiuma Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegiak osatu zuten; 28 minutu eta 7 segundotan amaitu zituzten lanak. Eta laugarren postua Hodei Ezpeleta eta Ibai Soroarentzat (Jokin Uretabizkaia ordezkatu zuen) izan zen; lanak amaitzeko 30 minutu eta 56 segundo behar izan zituzten.
Final estua izango zela aurreikusten zen, eta harmailak bete zituzten zaleen gozamenerako, finalistek ez zuten hutsik egin. Aizkolariek hamabosna enbor moztu behar izan zituzten, bost lanetan banatuta, eta lehen enborretik txapela irabazteko lehia bizia eta ederra bazen ere, txapela azken enborretan erabaki zen. Mugertza eta Gabirondo oso ondo hasi ziren. Zehazki, lehen lau lanetan azkarrenak ziren, eta 27 segundoko abantailarekin hasi zuten azken lana, baina hortik aurrera, Txikia IV.ak eta Rodriguezek erritmoa bizkortu eta atzetik aurrera egin zuten, Mugertza II.a eta Gabirondo atzean lagata.
Aizkolari mutrikuarra pozik agertu da emaitzarekin. “Oso final lehiatua izan zen, eta emaitza ez da batere txarra. Gure lana oso ondo egin genuen, gustura aritu ginen, eta onena eman genuen plazan, baina irabazleek oso proba ona egin zuten, gehiago izan ziren, eta hor ez dago aitzakiarik”.