Aldatu gabe zeuden lurpeko azken edukiontziak kentzen ari dira Mutrikun
Martxoko hirugarren astean amaituko dituzte Txanbolingo biribilguneko bost edukiontziak kentzeko lanak.
Lurpean zeuden edukiontziak ohiko edukiontziengatik aldatu ondoren, egoera txarrean dauden eta aldatu ez diren lurpeko edukiontziak berritzeari ekin dio orain Debabarrenako Mankomunitateak. Zehaztu dutenez, eskualdean 52 lurpeko edukiontzi kendu dituzte azken asteotan, eta beste 65 berrituko dituzte, “egoera txarrean” daudelako. Lanak, hain zuzen, mantentze lanen baitan egingo dituzte, “horiek hondatu aurretik eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko”.
Barikuan [martxoak 4] hasi zituzten Mutrikuko Txanbolingo biribilguneko lanak, eta iragarri dutenez, martxoko hirugarren astean amaituko dituzte lur azpian zeuden bost edukiontziak kentzeko lanak. Denbora tarte horretan, lurpeko edukiontzien ekipamendu zaharkituak osorik kenduko dituzte, eta kendutako material guztia baimendutako hondakinen kudeatzaileengana eramango dute, behar bezala birziklatu eta tratatzeko. Ondoren, lurpeko edukiontziak zeuden zuloak garbitu eta egokituko dituzte, eta azkenik, ekipamendu berria ipiniko dute.