Eskualde mailako gela egonkorra abiarazi dute Ondarroako Institutuan
Karenka elkartearen eta Ondarroako Udalaren ekimenez, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako gunea ipini dute ikas zentroan.
Denbora askoko lanaren ostean lortu da helburua, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin izandako harremana bide. Udaletik aipatu dutenez, aspaldi ipini zen Karenka eurekin harremanetan eskualdean gela egonkor baten gabezia ikusten zutela esanaz. “Guk hasieratik ipini genuen hezkuntza alorreko helburu nagusietako bat moduan gela egonkor hori lortzea eskualdean”.
Orain arte ohiko gelan aritu dira eta premiak asetzen ez zirela ikustean, espazio berrien beharra azaleratu zen. Hainbat ate jo behar izan dituzte, eta bidea luzea izan dela nabarmendu du Eneritz Basurko Hezkuntza batzordeburuak: “Amankomunazgoak lagundu zigun eskualdean zeuden umeen beharrizanak identifikatu eta txosten batean batuz, gero behar horiek hezkuntza delegaritzan erakutsi eta benetako beharra zegoela erakusteko”.
Gela egonkorraren helburua da autonomia eta komunikaziorako gaitasunak lantzea
Gaineratu duenez, eskualdeko hainbat hezkuntza zentrotan jo zuten atea gela egonkorra ipintzeko. “Delegaritzari Gaztelekua birmoldatzeko prest geundela ere esan genion, gela egonkorra bertan kokatzeko”. Azkenean, Hezkuntza Sailak Institutuan ipini du gela egonkorra, eta “pozik” agertu dira erabakiaren aurrean. “Karenka elkarteko familiei lagundu eta helburua lortu dugu, eta, bestetik, eskualdean eskaintzen ez zen oinarrizko zerbitzu bat herrian bertan martxan ipintzea lortu dugu”.
Gela egonkorraren helburua da autonomia eta komunikaziorako gaitasunak lantzea. Hori dela eta, ikasleen beharretara egokitutako gela bat ezarri da. Espazio horretan ez daude ohiko geletan dauden ikasgaiak edota materialak. Besteak beste, koltxonetak, esku-ohea eta sukaldea daude. Gela bakoitzean, gehienez, bost ikaskide egon daitezke, eta hainbat mailakoak batzen dira gela berean. Ikasleak eskolako gainontzeko ikaskideekin ere egoten dira zenbait jardueretan, hori ere euren beharra izateaz gain, eskubidea ere badelako.