Eudelek deituta, Ukrainako herriari udal gobernuen babesa eta elkartasuna erakutsi diete
Hainbat udalerritan bezala, Lekeition ere elkarretaratzean batu dira, eguerdian. Eskuragarri dauden harrera-baliabideak eta lekuak identifikatzen hasi dira ukrainar errefuxiatuei ahalik eta arreta onena eskaintzeko.
Eudelek (Euskadiko Udalen Elkartea), Ukrainako herriari udal gobernuen babesa eta elkartasuna helarazteko bost minutuko elkarretaratze isilak egiteko deia luzatu zien udalei, eta hainbat herritan egin dituzte agerraldiak, tartean, Lekeition.
Proposamenaren helburua da toki entitateek Errusiak Ukraina inbaditzeari eta horrek eragiten duen sufrimenduari eta suntsipenari, eta milioika pertsonen behartutako exodoari uko egitea.
Gorka Urtaran Eudeleko elkarteburuak euskal udalen banatutako konpromezua adierazi du, “Ukrainarekin daudela”, nabarmenduz: “Euskal herritarrak eredu ari dira izaten ukrainar komunitatearekiko elkartasunaren eta babesaren arloan, eta udalok, ahal den neurrian, euskal gizartearen mailan egon nahi dugu. Gure babes osoa emango diegu Ukrainari eta basakeria horretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuei”.
Lekeitioko Udalak Eudelen deialdiagaz bat egiteaz gain, aurreko astean, martxoaren 3ko osoko bilkuran, udalbatza osatzen duten EAJ eta EH Bildu udal taldeek adierazpen instituzionala onartu zuten. Bertan, Errusiaren eraso militarra salatu, eta hura berehala eteteko zein indar militarrak Ukrainako lurraldetik erretiratzea eskatu zuten, bai eta gerra gaitzetsi eta Ukrainako herriari elkartasuna adierazi ere.
Harrerarako prestatzen. Bestalde, Eudel, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan, eskuragarri dauden harrera-baliabideak eta lekuak identifikatzen hasi da (etxebizitzak, aterpetxeak eta mota guztietako zentroak), Errusiatik Ukrainara egindako inbasioaren ondorioz, etxea uztera behartuta dauden pertsonei eta haien familiei ahalik eta arreta onena eskaintzeko.
Euskal erakunde guztiak koordinatuta ari dira lanean, erkidegora irits daitekeen ukrainar komunitateari “laguntza eraginkorra, ordenatua, segurua eta baldintza duinetan emateko”. Baliabide-motak, plaza-kopurua, egokitzapena, baliabide materialak, giza baliabideak eta kokapena aztertzen ari dira.
Adibidez, Mutrikuko Udaletik adierazi dute, etorkizun laburrean herrira heldu daitezkeen ukrainar errefuxiatuak hartzeko etxebizitzarik beharko balitz eta norbaitek etxebizitzaren bat eskuragarri jartzeko borondatea izango balu, bilketa guneetan bere kontaktua utzi ahal izango duela, hurrengo pausoak prestatzen joateko. Hain zuzen, martxoaren 18ra arte burutuko dute lehenengo bilketa aldia, honako bilketa guneetan: Samiela ikastetxean (07:30-19:00) eta eliz atzeko lokalean, aparkalekuaren ondoan (09:30-11:30 eta 18:00-20:00).
Mutrikun lau ekimen sortu dira ukrainar herriari premiazko laguntza emateko materiala biltzeko: Ukraina-Euskadi elkartea, Samiela ikastetxea, Angelman elkartea eta Caritas-Mutriku elkartea. Lau elkarteetako ordezkariak eta udal korporazioko ordezkariak herrian egingo diren bilketak koordinatzeko batu dira.
Horrekin lotuta, Ucrania-Euskadi Lankidetzarako elkartetik jakinarazi dute ukrainar errefuxiatuentzat egiten ari diren bilketan arropa gehiagorik ez dutela batuko. Hala, garbitasun pertsonalerako materiala, janaria, material soziosanitarioa… biltzen segituko dute.