Lea-Artibai eta Mutrikuko Neska* Gazteen sarea aurkeztuko dute Mutrikun
Egitasmoa zapatuan [martxoak 12] aurkeztuko dute Gaztetxean; 19:00etan ipini dute hitzordua. Aurkezpena aitzakia modura hartuta, bertso saioa eta kontzertuak ere antolatu dituzte.
Taldea duela gutxi hasi zen bidea egiten, eta honakoa da antolatu duten jendaurreko lehenengo ekintza izango da. “Orain arte publikoki ez dugu ekintzarik egin. Hainbat ekintza solte egin ditugu, batez ere, kale presentzia bermatzeko, baina ez dugu ezer antolatu taldea publikoki ezagutzera emateko. Taldearen lehenengo ekintza izanda, aurkezpen ireki bat egin behar genuela ikusten genuen”.
Aurkezpena egiteko ideia aspalditik zeukatela esan dute, baina koronabirusak sortutako osasun egoera eta murrizketak tarteko, atzeratu egin behar izan dute. “Hainbat saiakera egin ditugu, baina ez genuen inoiz egitarau bat ganoraz antolatzea lortzen. Martxoaren 8aren harira, aurkezpena orain egitea egokiena iruditu zaigu”. Talde modura antolatzeko, diru iturriak behar dituzte, eta zapatuan Gaztetxeko barran lortzen den dirua taldea antolatzeko eta beste hainbat ekintza egiteko bideratuko dutela iragarri dute.
Azpimarratu dutenez, Lea-Artibai eta Mutriku mailan saretzen eta antolatzen jarraitzea da euren helburua. “Hasiera batean neska* gazteen sarean jarri nahi izan genuen indarra, baina urriaren hasieran Elizondon egin zen Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzea inflexio puntu garrantzitsua izan zen. Asteburu horren ondoren erabaki genuen herrietan saretzen hastea, herri bakoitzeko errealitatea kontuan hartuta eta herri bakoitzeko autonomia hori bermatuta”. Taldean parte hartzeko interesa duen edonori egin diote gonbidapena. “Gogotsu eta nahi duten guztiak ongi etorriak izango dira”.
Lea-Artibai eta Mutrikuo Neska* Gazteok borrokan gaude! lelopean antolatu duten aurkezpena, gainera, jai eta ospakizun formatuan eta “modu informal” batean egingo dute. Aurkezpenaren ostean, bertso saio feminista egingo dute; Aissa Intxausti Aburruza, Josune Aramendi Perez eta Irune Basagoiti Agirre gonbidatu dituzte. Eskaintza gauerako prestatu dituzten kontzertuekin borobilduko dute. Virgin Mari musika taldea igoko da oholtzara eta ostean DJ jaialdiarekin jarraituko dute. DJ Sargori eta DJ Mimufishen doinuek dantzan jarriko dituzte bertaraten diren guztiak.
EGITARAUA:
- 19:00. Lea-Artibai eta Mutrikuko Neska* Gazte sarearen aurkezpena.
- Ondoren. Bertso saio feminista: Aissa Intxausti Aburruza, Josune Aramendi Perez eta Irune Basagoiti Agirre.
- 22:00etatik aurrera. Kontzertuak: Virgin Mari, DJ Sargori eta DJ Mimufish.