Eragiyok Abesbatzaren kontzertua, Mutrikuko Musika Hilabetean
Errusiako folklorea, euskalduna eta eliz musika eskainiko ditu 2018an sortutako ahots grabeen abesbatzak. Kontzertua zapatuan [martxoak 12] izango da, komentuan.
Mutrikuko Udalak antolatutako Musika Hilabetearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da zapatuan [martxoak 12], 18:00etan, Santa Katalina komentuan. Eragiyok Abesbatzak egingo du kantuan Eneko Amundarain Irastorzaren zuzendaritzapean. Estreinakoz, gainera, Miren Gabirondo musikariak lagunduko ditu pianoarekin eta eskusoinuarekin.
Eragiyok abesbatzakoek jakitera eman dutenez, bi zatitan banatutako egitaraua aurkeztuko dute. Lehenengo zatian eliz musika eta folklore errusiarreko kantuak eskainiko dituzte. «Jakina da, Euskal Herrian, Beste hainbat tokitan bezala, kantu errusiarrek pizten duten ikusmina. Horietako batzuek euskarazko moldaketak izan dituzte, eta gurean hain ezagunak dira ia-ia euskal kantutzat ditugula. Adibiderik garbiena Elurra da». Oso ezagunak dira baita ere, jatorrizko bertsioan abestuko dituzten Volgako batelariak eta Arratseko ezkilak ere.
Bigarren zatian, berriz, euskal folkloreko piezak izango dira protagonista. Aurreratu dutenez, Illunabarra, Nere maitiarentzat eta Maitasun atsekabea lanak eskainiko dituzte. «Tarte berezia izango du ere Pablo Sorozabalen musikak. Bere jaiotzaren 125. urteurrena beteko den honetan, musikagile donostiarraren hiru pieza ezagun entzun ahal izango dira: Kanta berri, Euskalerria eta Maite, eguzki eder».
Ibilbide oparoa. Eragiyok Abesbatza 2018an sortutako ahots grabeen abesbatza da. Errenteriako 72. Gabon Abesti Sariketa Probintzialean hasi zuen ibilbidea, lehiaketako 1. saria lortuz. Ordutik, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat herritan eman dituzte kontzertuak; Bartzelonako Festival Internacional de Cant Coral-en lehen saria irabazi zuten esate baterako, eta Musikaste jaialdian ere parte hartu dute.
Esan dutenez, Mutrikuko kontzertuarekin taldeak “ilusioz eta proiektuz betetako urtea” hasiko du. Martxoaren amaieran Rigoletto opera antzeztuko dute Irunen Luis Mariano Lirika Elkartearen denboraldiaren barruan. Horrez gain, Basaurin, Donostian, Astigarragan eta Kanbon ere abestuko dute.