Espainiako XXX. FEDDI Kros Txapelketa lehiatuko dute Lekunberrik eta Malvidok
Zapatuan [martxoak 12], 10:00etatik aurrera lehiatuko dute txapelketa, Basauriko Lapatza zirkuituan.
Proba Basauriko kirol egokituko Ascensores Bertako-Javi Conde klubak antolatu du, eta esan dutenez, hamar autonomia erkidegotako 151 atletek parte hartuko dute bertan. Kopuru horretatik 47 talde anfitrioiko taldekoak izango dira. “Etxean lehiatu ahal izateak parte hartzea errazten digu. Txapelketa kanpoan izan balitz, zer edo zer mugatuago egongo ginateke ziuraski”.
Talde jendetsu horren artean parte hartuko dute Josu Lekunberri mutrikuarrak eta Joseina Malvido ondarrutarrak. Bi kirolariek proba bera lehiatuko dute. Zehazki, Lapatzako zirkuituari bira bat emango beharko diote, 1.100 metroko lasterketa osatuz. “Zirkuitu honetan hainbat proba lehiatu izan ditugu, eta atletak bertan parte hartzen trebatuta daude. Emaitza onak lortzea espero dugu”, adierazi du Javi Conde taldeko entrenatzaileak.
Condek azaldu duenez, Lekunberri eta Malvido “sasoi onean” daude. “Josuk hainbat podium lortu ditu Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan, eta Espainiako Txapelketan ere emaitza ona lortu eta podiumean egoteko aukera handiak dituela uste dugu. Joseina emaitza apalagoak ari da lortzen azkenaldian, baina lasterketa on bat egingo duela espero dugu. Lasterketa bakoitzean dena ematera ateratzen da, eta ahalegin handia egiten du”.