Jeronimo Lopez: "Igorpenak gutxitu behar ditugu eta datorkigun aldaketei moldatu"
Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, ‘El hielo y las regiones polares ante el cambio climatico’ hitzaldia emango du Geologia Zientzietan doktoreak astelehenean [martxoak 14], 18:30ean, Beikozinin.
Zein da hitzaldiaren helburua?
Zientziaren zikloen barne antolatutako hitzaldi bat da, eta antolatzaileekin partekatzen dut helburua; gizarteari zientzia eskuragarri jartzea lagunarteko lengoaia bidez eta egiazko datuen ezagutzaren ardura azpimarratzea. Zientziak duen garrantzia nabarmendu behar da erabakiak hartzeko orduan.
Zein da landuko duzun gai nagusia?
Poloei buruz berba egingo dut, artikoa eta antartika, han gertatzen ari denaz eta horrek aldaketa klimatikoaren egoeraren baitan dakartzan ondorioei buruz. Aldaketa klimatikoa ukaezina da jada eta horrek sortutako aldaketen ebidentziak argi eta garbi ikusten dira poloetan. Leku horietan gertatzen ari dena, oso urrun sumatzen dugun arren, planetarentzako ezinbesteko garrantzia du.
Zergatik jarri behar dugu begirada poloetan?
Planetako izotzaren ehuneko handiena bertan batzen da. Izotza dagoen lekuetan (lurrean glaziarrak eta uretan azala izoztuta) eguzkiaren erradiazioa islatu egiten da, izotz horren presentzia dela eta. Hortaz, izotza gutxituz gero, eguzkitik datorren energia hori urak bereganatzen du islatu beharrean. Hori itsas korronteek sakabanatzen dute eta eragina urruneko lekuetan nabaritzen hasten da.
Zein da klimaren eta itsas mailaren igoeraren etorkizuneko agertokia?
Datu zientifikoek adierazten digutenaren arabera, berotze efektuak jarraitu egingo du, eta igorpenak murriztu arren, jada ez da geldituko; hortaz, horren ondorioak jasango ditugu. Agertoki honek ez digu aukera askorik lagatzen; igorpenak eta ezinbestez datorkigun aldaketei moldatu. Aldaketa horiek ez dira berdinak izango leku guztietan. Baina klima jada aldatu da eta aldatzen jarraituko du. Bestalde, itsas maila guztiz baldintzatuta dago poloetan gertatzen ari denarekiko. Horrez gain, beste eragile esanguratsu bat dago: lurzoru izoztua, lurraren barruan azalaren azpitik dagoen izotza. Urtzen den heinean, metanoa askatzen du. Horrek, aldi berean, beroketa elikatzen du. Guztia kate bat bilakatzen da. Beroketaren ondorioz gertatzen ari denak, beroketa elikatzen du.
Nola eragingo du horrek Penintsula Iberikoan?
Penintsulari dagokionez, lekurik lehorrenetan eragina nabarmenagoa izango da, hau da, euri gutxi egiten duen eta tenperatura altuak dituzten tokietan; bero boladak ugariagoak izango dira, ezusteko elurteak, tanta hotzak, prezipitazio nabarmenak…
Eta Ondarroari zehazki?
Izotza urtzen bada itsas mailak gora egingo du, hortaz, Ondarroa bezalako kostaldeko herri batean ere eragina nabarituko da, noski.