'Pirinioetako Bidea' ekimenaren aurkezpena egingo dute, Lekeitioko Azkue aretoan
Zapatuan [martxoak 12] da hitzordua 18:00etatik aurrera
100 mendizale baino gehiago lortu nahi dituzte Otsogorrinagainara igotzeko. 2022ko uztailaren 2an, Euskal Herriko eta Kataluinako herritarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dute Euskal Herria eta Katalunia batuz, “gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko”.
Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku gara antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la República, laguntzaile.
Erronka kolektibo eta parte-hartzailea izango da. Jakinarazi dutenez, zenbait gailur soilik mendizale trebatuek igotzeko modukoak izango badira ere, asko egokiak izango dira era guztietako herritarrentzat. “Gailur bakoitza elkarlanean oinarritutako erronka kolektibo bat izango da, eta parte hartzaile guztion segurtasuna zainduz beteko dugu”.
Pirinioetako Bidea argiztatuz, autodeterminazio eskubidearen alde nazioarteko komunitatearen arreta berenagatu nahi dute. “Itxaropenezko milaka eta milaka argi piztuko ditugu Pirinio osoan zehar. Askatasunerako bidea argiztatuko dugu. Etorkizun hobe eta libreago batekin egiten dugu amets. Katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu”.
Azken urteetan Katalunian zein Euskal Herrian egindako hainbat ekintza egin dituzte elkarlanean: ‘Llum i llibertat’ (2019), zeinetan Montserrateko 131 orratz argiztatu zituzten; ondorengo asteetan, ‘Argi dugu bidea’ lelopean, Euskal Herriko hainbat menditan -Aiako Harria, Txindoki eta Anboto, besteak beste-, elkartasunez egindako erreplikak; eta ‘Cims per la llibertat’ (2018).