Sinadura bilketa Amoroto eta Mendexan, mediku zerbitzuaren eskean
Otsailaren 3tik mediku zerbitzu barik daudela salatuz, Arartekoari gutun baten bidez konponbideak eskatuko dizkie; halaber, sinadura bilketa egingo dute domekan, gutuna babesteko.
Amorotoko eta Mendexako herritarrak mediku zerbitzu barik daude, otsailaren 3az geroztik; hain zuzen ere, bi udalerrietako kontsultategietan ez dago medikurik. Halaber, herritarrek adierazi dute ez dela lehendabiziko aldia egoera hori bizi beharra dutena: “2021eko maiatza eta iraila bitartean ere testuinguru berbera bizi izan genuen; ez genuen erreferentziazko mediku bakarra izan”. Hortaz, gaixotasun kronikoak dituzten bizilagunek ez dute inongo aukerarik jarraipen bat egiteko, eta, mediku arreta behar dutenean, Lekeitioko anbulategira joan behar dira. Azaldu dutenez, Lekeition “agendan tarte libre bat duen medikuarengana” bideratzen dituzte.
Beraz, herritarrek argitu dute “hamaikatxo” direla beraien azterketa medikoak egin barik dituztenak, eta “oso haserre” daudela adierazi dute. Bestalde, Arartekoari bidaliko dioten gutunean, nabarmendu dute mediku ugarik aditzera eman dietela bai Amorotoko, bai Mendexako mediku plaza erakargarria izan dadin, “lehen zuen ohiko ordutegiagaz” jarraitu beharko lukeela, hau da, 08:00etatik 15:00etara. Mediku zerbitzua “lehenbailehen” behar dutela da azpimarratu duten eskaria; hori heldu bitartean, adierazi dute hori heldu bitartean erreferentziazko mediku bat jartzea komeni dela, “egoerak txarrera egingo baitu denborak aurrera egin ahala”.
Gauzak horrela, Arartekoari egingo dioten gutunagaz batera, Mendexako eta Amorotoko herritarren sinadura bilketa egingo dute. Sinaduren zerrenda, hain zuzen, dokumentura atxikiko dute. Bilketari dagokionez, domekan egingo dute: 11:00etatik 14:00etara, Mendexan; 12:00etatik 14:00etara, Amoroton.