Aimar Galdosek, Imanol Aceñak eta Gari Ugartek osatu dute 37. Atxukale Txirrindu Sariko podiuma
Iaz Igorren eta Mendatan podiuma egin eta gero, daukan maila erakutsi du beste behin Galdos Alonso Cafe Dromedario-Flotamet taldeko txirrindulariak. Aceña Perez de Heredia gasteiztarra Galdosen denboran sartu da helmugan eta Ugarte Larrea legazpiarra 2 segundora.
Bizikletek hartu dituzte Mutriku, Deba eta inguruetako errepideak gaur [martxoak 12, zapatua]. Lau urteko etenaren ondoren, 37. Atxukale Txirrindu Saria lehiatu da. 16:00ak puntu-puntuan hasi dute 87 kilometroko ibilbidea izena eman duten junior mailako 132 txirrindulariek, biribilgunean batu diren zaleen txalo eta animo artean.
Debara eta handik Soraluzerantz joan dira, tartean, Mendarotik, Altzolatik eta Elgoibartik igarota. Iragarri modura, Mutrikurak lehen buelta egiteko ordubete eta 20 minutu inguru behar izan dituzte. Bi multzo nagusitan heldu dira txirrindulariak herrigunera, elkarrengandik minutu eskasera. Azken kilometroetan, ohi bezala, bi aldiz igo eta jaitsi dute Galbaixo. 40,397 kilometro orduko bataz besteko abiaduran egin dute proba txirrindulariek.
2.09.13ko denboran sartu da helmugara Aimar Galdos Alonso ermuarra. Sasoi eta maila ezin hobean jarraitzen duela erakutsi du –iaz Igorreko eta Mendatako sariketetan podiuma egin zuen–. Denbora bera behar izan du Alimco Campagnolo taldeko Imanol Aceña Perez de Heredia gasteiztarrak. 2 segundo eskasera sartu dira sailkapeneko hirugarrena eta laugarrena: Bellota taldeko Gari Ugarte Larrea legazpiarra eta Omar Fraile Galdakauto taldeko Marcos Merino Gomez.
Galdos Alonsok irabazi du mendiko sailkapen orokorra ere. Eta, azkenik, talderik onena Alimpo-Campagnolo izan da, 6.29.10eko denboragaz. Limousin-Oriako izan da bigarren talderik onena, irabazlearengandik 2.53ra eta Loiumat-P.G. hirugarrena, 3.41era. Cafe Dromedario-Flotamet taldeak lortu du laugarren postua taldekako sailkapenean.