Andrabanda Feministaren ikastaroak sentipenez bete du Ondarroako Etxelila
Jolas, musika eta sentsazioen bidez eman dute ikastaroa Ainara Sarasketa eta Arantza Albizu Batukada Feministako kideek, Andrabandako lau kide beteranoren laguntzagaz. "Oso pozik" agertu dira, pentsatu baino parte hartzaile gehiago bildu direlako.
Urduri, gogotsu, ilusionatuta, lotsatuta, ezjakintasunagaz, pozik, emozionatuta, kuriositateagaz…. Sentipen horiekin hasi dute gaur [martxoak 12, zapatua] Ondarroako Etxelila Emakumin Topalekuan Andrabanda Feministaren ikastaroa. Hamabi parte hartzaile batu dira, lau lehendik Andrabandako kide direnak eta gainerako zortzirak berriak. Azken horietako batzuk Martxoaren 8an atera ziren estreinako kalera, aurretik perkusio tailer bat eginda; beste batzuek gaur izan dute lehen kontaktua.
Jolasak eta luzaketak egin dituzte lehenengo Etxelilaren aterpean, eta, ostean, kanpoaldera atera dira, musika tresnak eskuetan. Tinbak, agogoa, kaxak, repenikeak (danbor txikiak), surdoak (danbor handiak), platak,… gehien gustatu zaizkien tresnak hartu dituzte parte hartzaileek, eta batukadan murgiltzeko lehenengo pausoak eman dituzte 13:30 ingurura arte. Irakasgaia errazagoa ala gaitzagoa izan, esperientzia aberasgarria bizi izan dute.
Hitzordu berria. Aste bi barru, martxoaren 26an izango dute berriro hitzordua Batukada Feministako kideekin. Gaur egin bezala, 10:00etatik 13:30era ikastaroa emango dute. Bat edo batek izena emn nahi badu, etxelila@ondarroa.eus helbidera idatzi dezake edo 94-613 40 08 telefono zenbakira deitu, martitzenetik barikura, 16:30etik 20:30era bitartean.