Atxondo Kiroldegiko estalkian lanak egingo ditu udalak
Fatxadan eta sotoan egingo dituzte obra nagusiak eta eraikinaren estetika "nabarmen" aldatuko da.
Markina-Xemeingo Udala gaur [martxoak 14] batu dira ezohiko eta urgentziazko Osoko Bilkuran. Udalbatzak aho batez onartu du Atxondo Kiroldegiko inguratzailea berritzeko lizitazioa ateratzea. Helburu nagusia eraikinaren hobekuntza fisikoa eta energetikoa izango da.
Eraikinaren estalkia berritzea aurreikusten du proiektuak, izan ere, gaur egungoak ez du isolamendu termikorik. Gainera, sotoan eta fatxadan ere lanak egingo dira. Jakinarazi dutenez, eraikinaren estetika “nabarmen” aldatuko da.
Inbertsio honek 1.091.320,22 euroko aurrekontua du, BEZa barne. IDAEri eta Energiaren Euskal Erakundeari (EEE) diru laguntzak eskatzea aurreikusi du udalak, “auto-kontsumoa lortzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko diru-laguntzen programen barruan”.