Lehengaiez eta botikaz beteriko hiru furgoneta irtengo dira Lekeitiotik
Bihar [martxoak 15] goizaldean irtengo dira Ukrainarantza. Azken orduan Isuntza Arraun Taldeak eta Tximista Atletismo Taldeak beste furgoneta bana jarri dituzte.
Casco familia -Yolanda, Soraya eta Alex- bihar [martxoak 15] goizaldeko 6:00etan irten nahi du Lekeitiotik. Azken unean Asier Garetxana gehitu da bidaiara. Azkenean, guztira, hiru furgoneta eta sei pertsona irtengo dira Lekeitiotik. Martin Gerenabarrena eta Bingen Zumajo beste furgoneta bategaz Bilbotik irtengo dira. Donostian beste furgoneta batekin batuko dira 7:15ean bidaia luzeari ekiteko.
Galdakaoko elkarte batekin jarri dira harremanetan. Elkarte honek Katowicen, Cracoviatik gertu, daukan bilketarako pabiloi batera eramango dituzte lehengaiak eta botikak. Gero, Poloniako mugara joango dira errefuxiatuen bila. Ekarriko dituzten pertsonatako asko aurretik dituzte zehaztuta zeintzuk izango diren eta besteak Galdakaoko elkartearen izenean batuko dituzte.