Tantai baso jabe kooperatiba aurkeztuko dute Ziortza-Bolibarren
Basoen ustiaketarako beste eredu bat ezagutzera emateko asmoz antolatu du ekitaldia Ziortza-Bolibarko Udalak. Barikuan [martxoak 18] izango da aurkezpena udal aretoan.
Martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna dela-eta basoen inguruko hitzaldia antolatu du Ziortza-Bolibarko Udalak barikurako [martxoak 18]. Pinuen gaixotasunak eraginda, ustiaketa eredu desberdinak aukeratzen hasi dira baso jabeak, eta horiei beste aukera bat ezagutzera ematea da helburua. Horretarako, Tantai baso jabe kooperatiba gonbidatu dute, euren proposamenaren berri emateko. Aurkezpena 18:00etan egingo da udal aretoan, eta hitzaldia, baso jabeez gain, interesa duten guztientzako dela azpimarratu dute.
Tantai Baso Jabe Kooperatiba baso jabe desberdinen lurrak modu bateratu, kooperatibo eta jasangarrian kudeatuko dituen proiektua izango da, errentagarritasun ekologikoa eta ekonomikoa uztartuko dituena. Hau da, kooperatiba horretan zura eta egurra ekoiztea besteko garrantzia edukiko du CO2 finkapena eta uraren erregulazioa hobetzeak, biodibertsitatearen babesak, aisialdirako balioa handitzeak eta gainontzeko ekosistema zerbitzuen hornikuntzak.
Azken mendean egon den basogintzak ez duela erronka berrietara egokitzeko ahalmenik ikusita, bestelako basogintza eredu baten beharra dagoela azaltzen dute. Tantai baso jabe kooperatibak proposatzen duen basogintza ereduaren ezaugarri nagusiak lau dira: espezie eta egitura aniztasuna, birsortze naturala, esku hartze txikiak eta bakantze bidezko mozketak. Bazkideek beraz, eraldaketarako konpromiso bat hartu beharko dute, euren basoen egoera edozein dela ere, bertan egingo diren ekintzak bertako espeziez osatutako baso misto bat eraikitzera bideratuko dira eta.
Barikuko aurkezpenean emango dituzte kooperatibaren xehetasun guztiak, eta zalantzak ere erantzungo dituzte.