Elkar+ekin Dantzan ekimenagaz bat egingo dute eskualdeko hainbat elkartek
Ekimenaren helburu nagusia da elkarte eta boluntarioen lana balioan jarri eta aldarrikatzea. Domekan [martxoak 20] egingo dute dantzan.
EIBEk (Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistema) Euskal Herria dantzan jartzeko erronka ezarri du, domekan [martxoak 20]. Ekimenaren helburu nagusia da elkarte eta boluntarioen lana balioan jarri eta aldarrikatzea, 10.000 dantza taldeko kide, elkarte zein nahi duten herritarrak dantzan jarriz.
Ekimena aurrera eramateko dantza taldeetara gonbidapena luzatu dute, eta eskualdeko hainbat elkartek onartu dute erronka, horien artean, Mutrikuko Gure Ametsa Dantza Taldeak eta Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak. Talde horiek domekan kalera aterako dira dantza egitera.
Ekimenarekin bat egin nahi dutenentzat hiru dantza mota prestatu dituzte, bakoitzak nahi duena aukeratu dezan; Euskal Dantza urratsekin, Mutxiko erara dantzatua eta Dantza Garaikidea. Koreografia bakoitzarekin bideo tutorial bat egin eta zabaldu dute, ikasketa errazteko eta nahi dutenek domekarako dantza ikasi eta kalean dantzatzeko aukera eduki dezaten.
Hiru koreografia horiek eredu modura hartu behar direla aipatu dute, hau da, nahi duenak bideoan dagoen dantza errepikatu dezake, pauso guztiak mantenduz eta berdin dantzatuz, baina bakoitzak dantza berera ekartzeko eta eraldatzeko gonbidapena luzatu dute elkarteko kideek.
Ekimenarekin bat egin duten elkarteek hitzorduak ezarri dituzte, nahi duena hurreratu dadin:
– Mutrikuko Gure Ametsa Dantza Taldeak, 13:00etan, Goiko Plazan.
– Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak, 12:00etan, Goiko Portalean.