Harrera ona eduki du Lekeitioko Herri Eskolaren erakusketak
Azken hiruhilekoan egindako lanen erakusketa ikusgai egon da herriko kultur etxean. Asko izan dira lanak ezagutzera hurreratu direnak.
Jendea Udaberriko erakusketa ikusten. Argazkia: Gara Garagarza Jende ugarik bisitatu du asteburuan, Lekeitioko Herri Eskolak kultur etxean antolatu duen Udaberriko erakusketa. HHtik LH6ra arteko ikasleek azken hiruhilekoan egin dituzten lanak egon dira ikusgai zapatuan [martxoak 12] eta domekan [martxoak 13].

Jendea Udaberriko erakusketa ikusten. Argazkia: Gara Garagarza
Batez ere Arraguan egiten dituzten artelanak, eta azken hiruhilekoan ospatu diren egunekin lotutako lanak jarri dituzte ikusgai. Besteak beste, Martxoaren 8ari lotutakoak. Azken horiek, artelan interaktiboak izan dira, gainera. Jolasaren bidez ikasteko aukera ematen dutenak, parte hartzaileak.

Jendea Udaberriko erakusketa ikusten. Argazkia: Gara Garagarza
Aurretik ere antolatzen zuten erakusketa Lekeitioko Herri Eskolakoek, baina ikasturte amaieran izaten zen. COVID-19 pandemia hasi zenetik ordea, guraso eta senideek eskolara joateko aukera mugatuta eduki dutenez, ikastetxea kalera atera eta hiru erakusketa antolatzea erabaki dute. Beraz, ikasturte amaieran ere beste erakusketa bat prestatuko dute.