Eragiyok Abesbatzaren emanaldi handiak ireki du Mutrikuko Musika Hilabetea
Zapatuan [martxoak 12] Komentuan eskaini zuten kontzertuak ikusmin handia eragin zuen. Eliz musika, abesti errusiarrak eta euskal musika tartekatu zuen abesbatzaren programak.
Lehen aldiz etorri da Mutrikura Eragiyok Abesbatza, eta Komentuan elkartu zirenen ikusmina ase zuen ahots grabeez osatutako taldeak.
Hasieratik egin zen nabarmena kontzertuaren berezitasuna. Lehen zatirako kantu errusiarrak aukeratu zituzten, “musikaren eta hitzen ahalmena aldarrikatu nahi zutelako, gizakiaren gorrotoaren eta zentzugabekeriaren gainetik”. Horrela, Arratseko ezkilak, bere sorterria gogoratzen duen seme/alabaren kantu nostalgikoa edota Volgako batelariak, garai baten zirgariek egiten zuten lana gogoratzen duen kantua eta Euskal Herrian emakumeek oso lan baldintza txarretan egin zutena, entzun ahal izan ziren, besteak beste.
Bigarren zatia, osorik euskal musikari eskaini zioten. Kantuen artean, harrera beroa eduki zuen itsasaldeko herri askotan oso ezaguna den Illunabarra kantak, eta baita Iparragirreren Nere maitiarentzat kantuak ere. Kontzertuaren bi zatien artean, gainera, estreinakoz abesbatza pianoz eta eskusoinuz laguntzen ari den Miren Gabirondok Haendelen Sarabande eskaini zuen maisutasunez, eta egitarau ofizialari amaiera emateko Pablo Sorozabalen Kanta berri umoretsua eta lirikaz betetako Euskalerria eta Maite, eguzki eder abestu zituzten.
Zutik eta txalo zaparradarekin eskertu zuten entzuleek Eragiyok Abesbatzaren emanaldia, abesbatzak berriz, bere zuzendari Eneko Amundarainen eskutik, oroigarri bat eman zion Ainhize Azpiazu Mutrikuko Udaleko zinegotziari. Hala ere, emanaldiko unerik hunkigarriena falta zen oraindik. Kontzertuko aurkezleak gogora ekarri zuen 36ko gerraren garaian Euskal Herriaren eta euskal kulturaren enbaxadore izan zen Eresoinka abesbatzak lehen aldiz abestutako Aurtxoa seaskan abestia. Kantu hori eskaini nahi izan zieten “Ukrainan egun hil diren, ihesi egin behar izan duten edo baldintza lazgarrietan ezkutuan dauden guztiei, bereziki haurrei”. Emozioz beteriko une horretan, eta kontzertuari amaiera emateko Iparragirreren Gernikako arbola abestu zuten.