Ager Solabarrieta Europako txapeldun izendatu da Norvegian
Tiratzaile olinpikoak munduko errekorrak lortu ditu parte hartutako diziplina bietan; zutikakoa eta etzandakoa. Azaldu duenez, “Izugarrizko pozagaz” daude lortutako emaitzekin.
Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoak Europako Txapelketa lehiatu eta irabazi berri du , Norvegiako Hamar udalerrian. “Lanak ondo eginda noa” esanez abiatu ziren Ager eta Maite Norvegiarantz eta berri ezin hobeekin amaitu dute lehiaketa.
Martitzenean [martxoak 15] izan zen lehen proba. Europa mailan lehiatzearen “urduritasun” guztiekin hasi zuen zutikako (SHVIS) kategoriako sailkapen fasea eta munduko errekorra lortu zuen 561, 3ko puntuazioagaz. Lehen unetik finalerako txartela lortu eta oraindik “sinistu ezinik” lehiatu zuen finala, laugarren postua lortuz.
Poztasun handiarekin ospatu zuten lortutakoa, “izugarria” izan zen Europako Txapelketara heldu eta lehiatutako lehen diziplinan jada horrelako emaitzak lortzea. Baina oraindik beste hitzordu bat zuen, etzandako (SHVIP) kategoria, gaur lehiatu berri dena.
Martitzeneko zirrara guztiak oraindik gorputzean dituela lehiatu du sailkapen fasea eta hemen ere munduko errekorra lortu du 616,6ko puntuazioagaz. Lehiatzeko zuen azken finalean begirada ezarrita, 12:30etan hasi da lehia eta 242ko puntuazioagaz, lehenengo postua eskuratu du, Europako txapeldun bilakatuz. Bidaia abiatu baino lehenago bere aurkari nagusi bezala izendatu zuen Barbara Moskal geratu da bigarren postuan, 237,9ko puntuazioagaz.
Aipatu digutenez, “Izugarrizko pozagaz” daude lortutako emaitzekin eta ez zuten espero “ametsik onenean ere”, Europako txapeldun izendatu eta bi munduko errekor hautsita etxera bueltatzea. Horrelako txapelketa batera heltzeko egin beharreko lan guztiak bere errekonozimendua izan du.
Orain “gehiago eskatuko didate”adierazi du barre artean, baina orain arte egindako bidearekin jarraituko du Solabarrietak, eta hurrengo erronka jada buruan du: Arabiar Emirerri Batuetan lehiatuko den Munduko Txapelketa.