Emakume sortzaile eta ekintzaileen V. azoka antolatu dute, Kontzijopean
Udalak antolatutako ekintza domekan [martxoak 20] 11:30eatik 14:30eara izango da, eta guztira hamahiru postu egongo dira.
COVID-19ak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, domekarako antolatu du Lekeitioko Udaleko Emakumea eta Berdintasuna arloak, Lea-Artibai Fundazioaren laguntzagaz, Emakume sortzaile eta ekintzaileen V. Azoka. Hamahiru postu kokatuko dituzte Kontzijopean 11:30eatik 14:30eara. Eskualdeko, Bizkaiako eta baita Gipuzkoako emakumeak hurbilduko dira Lekeitiora arte.
Eskaintza oso zabala aurkeztuko da: Moda, osagarriak, gazta, ogia, gozogintza edota bitxiak biltzen dituzten postuak, besteak beste. Eskualdetik, adibidez, Fedora Berrino etxebarritarrak umeentzako osagaiak egiten ditu, Berriatuko Antigua Ibazetak motxilak, karterak edota poltsak, Lourdes Malaexetxebarria berrituarrak ogia eta gozogintza eta Bidane Baskaran markina-xemeindarrak ardi gazta eta yogurrak. B
Bizkaiako beste toki batzuetako emumeak ekintzaile eta sortzaileak ere hurbilduko dira, Portugaleteko Miren Buesak arrantzale gonak eta zapiak egiten ditu, Idoia Gabantxo durangarrak %100 eskuz egindako arropak ekarriko ditu, Elorrioko Agurtzane inpresio artistikoan dihardu eta Mungiako Ariane Resines bisuterian eta umeentzako osagarrietan.
Probintziatik kanpo, Isabel Orozkok eibartarrak eskuz margotatutako materialak eskainiko ditu, Soraluzeko Cristina Albizuak jositako eta bordatutako artikuluak, Donostiako Marta San Migelek orfebreria eta Marta Garmendia zarauztarrak kateak, belarritoak, eraztunak eta beste asko.
Horrez gain, bestelako ekintza batzuk antolatu dituzte. Umeentzako estanpazio tailerra prestatu dute eta gero, hauek izango dira Kontzijapea apainduko dutenak. Musikaia musika eskolagaz hitz egin ostean, trikitilariak egongo dira azoka haien soinuekin girotzen.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “azoka honek emakume sortzaile eta ekintzaileen lana erakutsi eta haien presentzia indartzea du helburu”. Horrez gain, parte hartzeko eta hurbiltzeko gonbita luzatu nahi izan dute.