Aurtengo ADELerako izen ematea zabaldu dute
Aulesti arte eszenikoen epizentro bihurtuko du Artedramak apirilaren 18tik 23ra artean. Topaketetan sei irakasle izango dituzte, denetariko langaiak landuko dituztenak.
Artedrama Euskal Laborategia (ADEL), arte eszenikoak euskaraz jorratzen dituzten sortzaileen topagunea da. Laborategiak urtero zabaltzen dizkie ateak aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleei, apirilaren 18tik 23ra bitartean, Aulestin. Aurten ere, ez da gutxiago izango: 2022ko ADELerako izen ematea zabaldu du Artedramak. ADEL astebeteko esperientzia izango da: astelehenetik larunbatera egingo dute. Guztira, 48 orduz osatutako topaketak izango dira, eta parte hartzaileek 6 irakasleren tailerrak jasoko dituzte, euren formaziorako. Artedramatik adierazi dute ikastaro denak euskaraz izango direla, eta topaketetarako matrikularen prezioa, ostera, 450€koa (lotarako lekua eta otorduak barne) izango dela.
Aurtengo topaketetan sei irakasle izango dituzte, eta euretako bakoitzak alor jakin bat zuzenduko du, zortzi orduko saio batean. 2022ko edizioko irakasleak ondorengoak dira: Ander Lipus, Edurne Azkarate, Eneko Gil, Laura Penagos, Jon Ander Urresti eta Ainhoa Artetxe. Lipuz markina-xemeindarrak Ekin izeneko ikastaroa egingo du, antzerkira sarreragaz erlazionatuta. Azkarate oiondarrak ahotsa eta gorputzaren artekoak jorratuko ditu Ahotsen askatasuna, gorputzen loturak tailerrean. Gilen tailerrari dagokionez, Hitzak Mugimenduan izenekoa eta koreografiaren ikerketan oinarri hartutakoa izango da. Penagos kolonbiarrak, berriz, berak landutako metodologia praktikan jarriko du aurtengo ADELen, Energia-gunea, bulkada eta hedapena saioagaz. Urresti bermeotarraren parte hartzea Zenbat behar dut? tailerrean oinarrituta egongo da, eta, azkenik, Artetxek interpretazio tekniken inguruan sakonduko du bere saioan: Pertsonaia eta eszenak lantzeko aktore teknikak.