Maribel Aiertzak 'Ezer ez da dirudiena' liburua aurkeztuko du Loraldian
Aurkezpena martitzenean [martxoak 22] izango da, Poza Lizentziatua kaleko Elkar liburu dendan.
Artearen munduko paisaia, pertsonaia eta istorioekin osatu duen Ezer ez da dirudiena lana ezagutzera emango du Maribel Aiertza idazle etxebarritarrak Bilboko Loraldia Festibalean. Datorren martitzenean [martxoak 22] egingo du aurkezpena Antxiñe Mendizabal editoreagaz lagunduta. Saioa Poza Lizentziatua kaleko Elkar liburu dendan izango da, 19:00etan.
Van Gogh margolari ospetsuaren ezkerreko belarria ikusgai jarri duen erakusketa du abiapuntua liburuak, eta artearen munduan girotutako zortzi narrazioz osatuta dago. Kontakizunek, fikzioa eta errealitatea uztartzen dituzte; idazleak azaltzen duenez, “artean ezer ez da dirudiena, eta hemen ere usteak ezuste bihurtzen dira”.
Narrazio guztiak giro berekoak badira ere, bakoitza teknika eta ikuspuntu ezberdinak landuz egindakoa dela azaldu zion HITZAri iazko urrian narrazio liburua aurkeztu zuenean. “Ipuin hauek benetan jolas hutsa izan dira. Kolore aniztasunaren bila eta ustea ezuste bihurtzeko joko horretan ibili naiz”.
Martxoaren 7tik dago martxan 8. Loraldia Festibala, eta eta 27a bitartean kultur adierazpen anitzez jantzitako proposamenak eskainiko ditu. Artista eta sortzaile ezberdinek emango dituzte ezagutzera euren lanak. Aipatu bezala, Aiertzaren Ezer ez da dirudiena ezagutzeko hitzordua martitzenean izango da.