Piztiak taldea, oholtza gainean
2021ean hogeita hamar urte bete ostean, "XXX" bilduma aurkeztu du talde ondarrutarrak; bere ibilbidearen bilduma izateaz gain, abesti berri bi dakartza.
Urte bete beranduago ailegatu behar izan da, baina ailegatu da, ibilbide oso baten erakusleiho den XXX, Piztiak taldearen zortzigarren diskoa.
30 urte, erraz esaten dira, baina badute zer ospatu eta oso argi dute nola, “merezi duen bezala”. Aurreikusita zeuzkaten zelan eraman proiektua aurrera; bilduma, bira… Baina dena atzeratu zen pandemia dela eta. Hala ere, azkenean, martxoak 10ean kaleratu zuten hemeretzi kantuz osatutako XXX bilduma.
Abesti berriek taldearen alde biak oso ondo adierazten dituzte: rock amerikarra eta rock iluna
Hemeretzi abesti horietatik, hamazazpi, aurreko diskoetatik ateratako abestiak dira eta, beraiek aipatutakoaren arabera, «ez da aukeraketa erraza izan, bazegoen-eta non hautatu». Hala eta guztiz ere, irizpide batzuk argi zituzten: diska guztiak egotea eta plurala izatea. Beraien izena eta izanaren errepresentazio bezala erabil daitekeen bilduma bat. 30 urte horietan izan direnaren eta egun direnaren erakusle.
Gainera, abesti berri bi atera dituzte, beraien artean oso ezberdinak direnak, baina oso ondo adierazten dutenak gure taldearen bi aldeak: rock amerikarra eta rock iluna. Bilduma barruan bereizgarri direnez, abesti berri bakoitzari merezi duen espazioa eta goxotasuna eskaini diote. Biak grabatu ditu Jose Lastrak Urdulizeko Tio Pete estudioetan.
Lehenengoa, Begietara begiratu. Diskoa kaleratu baino lehenago aurkeztu zuten singlea. Lehenengo kontaktua izan zen jarraitzaileekin; etxean gaixotasun larri baten ondorioz izandako bizipen eta galeraren sentipenez sortutako abestia. Gaixotasun larri bat eduki edo izan dutenei eta bere ingurukoei eskainitakoa. El Monstruito ekoizle independenteak egindako bideoklipagaz irudikatu dute.
Bigarren abesti berriari dagokionez, Barrun barruku deituriko abestia da. Diskoan entzungai dago jada, baina aurrerago bideoklipa aterako dutela aurreratu dute. COVI-19aren eraginez etxean konfinatuta egon garenean etorritako irudi eta burutazioez sortutako abestia da. Single bezala aurkeztuko dute eta kolaborazio berezi bat eduki dute, Izas Aranbarrik egin ditue eta bigarren ahotsak.
Ibilbidea
Ibilbide oso bat eginda daukate, eta atzera begiratzean «irribarre batekin» gogoratzen dute bizitako guztia. Hogeita hamar urtean, hainbeste urtez oholtzetan mantentzea ez da lan erraza.
Piztiak ez da talde lineal bat izan, jotzeko modu asko, gai asko eta estilo asko eduki ditu. Ibilbide “nahasia” izan dela diote taldekideek, gorabehera askokoa. Taldekide batzuek eman zioten hasiera proiektuari, bidean kide berria sartu dira eta beste batzuk joan dira. Baina guztiek osatu dute ibilbidea, eta horrek egin du aberats taldea. Hogeita hamar urtez idatzi duten istorioa eta idazten jarraituko dutena.
Bizitzan, bakoitzak bere ihesbideak bilatzen ditu, eta beraiena musika da; entseguak, sormena, oholtza… hori da sekretua.
Joan-etorriek lan egiteko erritmoak ere markatu dituzte. Disko batetik bestera denbora tarte handiak igaro dira, bidean hainbat gertaera egon direlako. Baina ibilbidea osatu duten guztiek egin dituzte ekarpenak. Etapa ezberdinak izan dituzte eta danetaz “harro” daude. Ibilbide horretan gako bat egon baita: “ekarpenak egiten dituzten pertsonekin inguratu izan gara”, eta, hortaz, guztien zatitxo bat dago Piztiaken.
Unean unekoari moldatu eta aurrera jarraitu dute musikagaz daukaten loturaz baliatuz. Taldekideen esanetan musika “behar” dute. Bizitzan, bakoitzak bere ihesbideak bilatzen ditu, eta beraiena musika da; entseguak, sormena, oholtza… hori da sekretua. “Bestela, ez duzu hainbeste urtez jarraitzen ez bazaude gustora”.
Gustura sentitu izan dira beti, eta horrek ahalbidetu du hein handi batean beraien proiektuak aurrera ateratzea. Behar horri jarraituz eta gustura sentituz, beraien musikarekin gozatzeko aukeragaz jarraitzen dute jarraitzaileek.
XXX disko berria, aurrekoak modura, auto-ekoiztutako diskoa da, eta eskuragarri dago; bai fisikoki eta baita formatu digitalean ere.
Diskoen fisikotasunaren garrantzia zalantzan dagoen garai hauetan, taldeak “hausnartu” egin du gaiari buruz, eta garrantzitsua ikusi dute beraien 30 urteen ibilbide honi fisikotasun bat ematea, hau da, “ibilbide ilustratu” bat edukitzea. Eta horregatik, beraien ibilbidearen argazkiz osatutako album ilustratu bat ere bada diskoa. Eta ez bakarrik eurena, baita jarraitzaileena ere, ibilbidea musikaren bidez sentitu eta bizitzeaz gain, argazkiak ikusi eta une bereziak birgogoratzeko aukera izateak “berezi” egiten duelako.
Gainera, diskaren barruan QR bat dago. Horren bitartez, Piztiak taldearen abesti guztiak entzuteko aukera egongo da.
Oholtza gainean
Disko berria bai, baina oholtzetara ere bueltatu dira. Denbora igaro dute kontzertuak eskaini barik eta horrek sortzen dituen urduritasun eta guzti, bueltatu dira, kontzertu akustiko bat eskainiz, Bilboko BIRA kultur-gunean. Piztiaken buelta izan da, eta leku berezi batean egin dute, egun, kulturaren bilgune bilakatu den gune batean.
Lehenengoa izan da eta “oso ondo” joan dela aipatu dute, baina beste asko datoz atzetik. Jada hitzartuta dituzte kontzertu batzuk, tartean Algortako Azeberrin [martxoak 26], Tolosako Bonberenean [apirilak 30] eta Azkoitiako Matadeixen [maiatzak 14]. Hala eta guztiz ere, gehiago egongo dira, eta datak zarratzen joan heinean ezagutzera emango dituzte, taldearentzat ibilbidea egiten jarraitzeko modurik onena “kontzertuak jotzen” egitea da eta. “Zelan ez, Ondarroara ere ailegatuko gara” ziurtatu dute.