Erkiaga: "Agerian geratu da jendeak zesta-puntarekiko atxikipena duela"
Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak garaipen gogoangarria lortu dute Iñaki Osa Goikoetxearen eta Aimar Aldazabalen aurka, Jai Alai Winter Serieseko final handian: 7-15 eta 12-15.
Zesta-puntak beste gailur bat konkistatu zuen atzo, Jai Alai Winter Serieseko finalean. Izan ere, euskal pilotaren egungo alorrik internazionalena dela frogatu da berriz ere, eta Erkiagak nahiz Zabalak neguko txapelketa bereganatu zuten. Orain arteko partiduetan bezala, Jai Alai lepo agertu zen,Winter Serieseko final handirako. Tentsioa goizetik nabari zen: 09:30etik ilara zegoen frontoi aurrean, eta saioa hasi orduko ere asko ziren Lea-Artibaitik hurreratutako ikusleak, euren pilotariei animatzeko etorriak.
Hain zuzen ere, lau finalistetako hiru eskualde horretakoak dira: Erkiaga; ispastertarra; Bullet Zabala, markina-xemeindarra; Aimar Aldazabal, berrituarra; azkenik, Goikoetxea zumaiarra. Hasiera-hasieratik partiduak bikote urdinaren alde egin zuen; Erkiaga errematatzaileak kide bikaina aurkitu zuen Zabalagan: segurtasunez eta eskumakada ederrekin ibili zen; gainera, ez zuen akatsik egin. Erkiagak lehen unetik markatu zuen partiduaren erritmoa: zazpi eta erditik horma biko bat egin zion Goikoetxeari; gipuzkoarrari argi utzi zion pilotalekuaren alde zabala gogor jagon beharko zuela.
Zabala: Etorkizunari ikasten eta hobetzen jarraitzea baino ez diot eskatzen
Jai Alai piztu egin zen Erkiaga alboz jarri zen bakoitzero; izan ere, oso zaila zen ispastertarra gorputz-itxura horregaz egiteko gai zena aurreratzea: izan zabalera jokatzea, horma bikoak, jokaldi azkarrak, eta abar. Era berean, lehen seteko zazpigarren tantoan bi errebote bikain egin zituen bikote urdineko aurrelariak; Aimarrek tinko erantzun zion lehenengoari, baina ezin izan zuen bigarrenagaz. Finala ez zen txapelketako beste norgehiagoka batzuk bezainbesteko lehiatua eta estua izan, baina puntistek euren maila plazaratzeko parada izan zuten. Horren erakusle izan zen, lehen setean, bikote gorria 1-11 atzetik joatea. Zabalak sendo bukatu zuen set hori: 7-15.
Bigarren seta, lehiatuagoa. Bigarren aldia lehenengoa baino estuagoa izan zen. Lehen hiru kartoietan berdinketa izan zen, eta urdinek ez zuten erdietsi, lehen aldian legez, jokoan hasieratik aldeak markatzea. Bigarren zati horretan Goikoetxea ageriago ibili zen: ateraldietan errestora sartzen asmatu zuen, eta zazpiko koadrotik egundoko horma bikoa egiten ere bai. Jokaldi horregaz lortu zuten, hain zuzen, gorrien aldeko 5-4koa. Zalaparta piztu zuena, baina, Zabalak egindako paloa izan zen. Aurreko epaileak tantoa txartzat eman arren, telebistako errepikapenak erakutsi zuen oker zebilela. Goikoetxea-Aimar bikoteak egindako set hasiera itxaropentsua izan zen partiduari emozioa emate aldera, baina urdinek norgehiagoka ziurtatzea lortu zuten. Atzealdean egindako zenbait erremate teknikoren ostean, 10-13koa iritsi zen, eta finala 12-15 amaitu zuten. Erkiagak jaso zuen Txapelketako Pilotari Onenaren Saria, ETBren eskutik.
Aurrelari txapeldunak adierazi du atzokoa ez zela “partidurik distiratsuena” izan, baina “maila oso onean” moldatu zirela Zabala eta bera: “Jonen maila izugarria izan da ligaxka osoan; esango nuke denek uste zutena baino hobeto ibili dela”. Horrez gain, “eskertuta” agertu zen ikusleen partetik jasotako berotasunagatik: “Partiduaren ostean, harrera bat egin zidaten nire jaioterrian, Ispasterren, eta oso hunkigarria izan zen, dantzari eta guzti”. Zabalak, bere aldetik, argitu du saioak ikusgarritasun gehiago ala gutxiago izatea “material kontua” izan daitekeela: “Helburua Goikoetxea jokotik ateratzea zen, hark joko oso ikusgarria izan arren; horretarako aukeratu genituen pilota geldoagoak”.
Erkiaga: Ez da gure partidurik distiratsuena izan, baina maila oso onean ibili gara
Aurrerantzean, Ipar Euskal Herrira begira izango da Erkiaga: “Donibane-Lohizunen beste Grand Slam bat antolatuko dute, eta bertan izango naiz, seguru asko; gero, ikusiko dut ea udara begira zein asmo dudan”. Ildo horretan, azaldu du “oso pozik” dagoela zesta-puntaren gorakadagaz: “Badirudi urtean txapelketa bi egitetik lau egitera igaroko garela, eta hori adierazgarria da; agerian geratu da jendeak kirol honekiko atxikipena duela, Winter Series honetan legez, eta partidu gosez dagoela”. Zabalak, aldiz “ikasten eta hobetzen segitzea” baino ez dio eskatzen etorkizunari.