'Itsasoiko, Itsasotik Sasoikoa' dokumentala aurkeztuko dute Lekeition
Ondarroa 12 milia eta Bizilur elkarteek lankidetzan egindako proiektuak Euskal Herriko artisau arrantzaren eta elikadura burujabetzearen garrantzia azpimarratzea du helburu.
Lekeitioko Azkue aretoan estreinatuko da dokumentala eguaztenean [martxoak 23], 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Itsasoiko proiektuaren baitan kokatzen den dokumentalean, Ondarroa 12 milia eta Bizilur elkarteen interes eta eragiteko eremuak uztartu dira: eguneko arrantzaren iraunkortasuna, eta elikadura burujabetza eta tokiko elikadura.
Eguneko arrantzak porturatzen duen arraina tokiko elikadura sisteman txertatzea, tokiko arrantzaren jarduera bera, itsasoko kultura-ondarea eta itsas ekosistemaren osasunaren biziraupenaren alde egiteko bidea dela adierazi dute elkartetik. Estreinatuko den dokumentala, honen inguruko hausnarketa gizarteratzeko egitasmo zabalago baten parte da.
Proiektua aurrera eraman dutenek horrela azaltzen dute dokumentalaren sorburua: “Gaur egun, oraindik egunero itsasoratu eta arrainak banaka-banaka eskuz ontziratzen aritzen diren arrantzontzi txiki batzuk badiren arren, teknologiaren garapenak eta arrain-industriaren ereduak bultzatuta, gure portuetako irudia oso bestelakoa da. Baina, itsasoak dituen baliabideak herritarrenak diren bezala, eguneko arrantza gure gizartearen zati baten bizimodua ere bada. Gure herriaren historiaren eta kulturaren zati bat. Ondarea. Nolakoa litzateke Euskal Herria, arrantzarik gabe? Nolakoak lirateke gure arrandegiak, bertako arrainik gabe? Guztion esku dago zein arrain erosten dugun, zein arrain kontsumitzen dugun, zein ondare babestu nahi dugun.”
Testigantzak. Dokumentalean hainbat testigantza jaso dira, tartean, eskualdeko artisau arrantzaleena, gazte arrantzaleena, AZTIko aditu batena eta Ekologistak Martxaneko kideena. Gainera, parte hartze berezi bat ere izan dute, iparraldetik, hain zuzen ere Donibanetik, artisau arrantza ogibide izan duen emakume bakarrenetako baten hitzak jaso dituzte. Elkarrizketa indartsuak bide erabiliz iruditegi osatu bat aurkeztu eta hausnarketan eragiteko asmoz.
Lekeitioko estreinaldiaren ostean, kostaldeko beste hainbat herritan emanaldiak antolatuko dituztela aurreratu dute. Dokumentalaren bidez “gaia mahai-gaineratu eta herritarrei tokian-tokiko ekimen parte-hartzaileak martxan jartzeko gonbita luzatzea” da elkarteak duen helburua. “Herri bakoitzean, bertako herritarrek erabakitzen duten ekimenei bideak irekiko dizkiegu bide honetan egiten dena egiten dela, eguneko arraina gure elikadura sisteman txertatzeko lagungarri izango delako”.