Leire Etxaniz, pilota goxuako Emakume Master Cupeko binakako txapeldun
Nagore Aramendi bikoteagaz lehen mailako txapela jantzi zuen etxebarritarrak zapatuan [martxoak 19], Gabiriako frontoian

Leire Etxanizek Emakume Master Cupeko txapelak biltzen jarraitzen du. Zapatuan lehen mailako goxuako binakako txapeldun izendatu zen Nagore Aramendigaz Joana Haristoyri eta Oneka Bereuari 18 eta 8 irabazita. Gabiriako frontoia txiki geratu zen txapelketako finalak hartzeko. Etxebarritarrak bere Master Cupeko laugarren txapela lortu zuen.
Emaitzak, berriz, ez du erakusten finalaren gogortasuna eta berdintasuna, ordubeteko iraupena izan zuen lehiak. Lau pilotariek porrotik gabe heldu ziren finalera eta maila oso altua eman zuten denek ala denek. “Partida oso gogorra izan zen, tanto oso luzeak egon ziren. Hein handi batean hori zen gure helburua, haiek nekarazi, norgehiagoka ahalik eta gehien luzatu nahi genuen fisikoki oso ondo geundelako”. Ondo baino hobeto jarraitu zuten bikote bizkaitarrak eta gipuzkoarrak bideorria, “haiek ez bezala, guk tantoak asko eta ondo luzatu genituen, baina errematean askoz hobeto aritu ginen”. Hori izan zen Etxanizen ustez partida gakoa.
Etxebarritarrak bikoteko bere laugarren txapela eskuratu zuen. Aurtengoa, ordea, “berezia” izan del aitortu du. “Nagore Aramendi txapelketa batean ezagutu nuen eta hasieratik oso lagun egin ginen, batera jokatzeko eta irabazteko gogo asko genituen. Asko pozten naiz beragaz Emakume Master Cupeko txapelaz irabazi izana”. Pilotari etxebarritarra lau aldiz izan da eskuz binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko txapelduna. 2017an eta 2018an Olatz Arrizabalaga gernikarragaz batera, 2019an Leire Garairegaz eta orain Nagore Aramendigaz.