Lekeitiarrek etxerako bidea hartu dute Poloniatik
Soraya eta Alex Casco zapatuan [martxoak 19] heldu ziren eta Lekeitioko Tximista atletismo taldearen furgoneta eta Isuntza arraun taldearena bihar [martxoak 22] iritsiko dira.
Asteburuan Poloniako lekeitiarrek haien bideak banatu dituzte. Barikuan [martxoak 18] errefuxiatuz beteriko lehenengo bi furgonetak Euskal Herrirantza irten ziren. Alde batetik, Alex eta Soraya Casco furgoneta batekin, eta beste alde batetik, Joxe eta Alberto donostiarrak beste bategaz. Zapatuan heldu ziren lekeitiarrak bidaia amaigabearen ostean, eta atzo donostiarrak. Lekeitioko Tximista atletismo taldearen furgoneta eta Isuntza arraun taldearena atzo goizaldean irten ziren Katowicetik, eta bihar helduko dira Euskal Herrira.
Alex eta Soraya Cascok itzuliko bidaia hasi zuten, baina Martin Gerenabarrena, Yolanda Casco, Bingen Zumajo eta Asier Garetxana Katowicen geratu ziren Alvaro Sainzen ordezkoa heldu arte. Galdakoko gizarte boluntarioen elkarteko sarea mantendu dute, ez bakarrik errefuxiatuak, baita, batez ere Euskal Herritik, heltzen diren lehengaiak, botikak edota materialak. Era berean, logelak eta bazkariak era antolatu dituzte Ligota basilikako abadeekin batera. Heldu bezain laster, errefuxiatu bakoitzari fitxa pertsonal bat betetzen zaie haien datuak jasotzeko, baita joango diren familiekin harremanetan jartzen dira. Horietako batzuk Euskal Herrira doaz, beste batzuk, berriz, espainiar estatuko beste edozein tokitara.
Polonian egunak pasa ahal lekeitiarrak gerraren gordintasuna “azalean” sentitzen hasi dira. “Beti bezala, gutxien daukatenek eta errurik ez daukatenek, inork baino gehiago sufritzen dute gerren ondorioak”. “Tristura deskribaezina da. Bere bizitza osoko gauza guztiak plastikozko poltsa baten daramatzaten jende nagusi asko dago. Umeen negarrek barrua samintzen zaituzte, eta oro har, desorientazio aurpegiak dira nagusi”. Hala ere, alderik positiboena bilatzen saiatzen dira: “Gu edozertan laguntzeko prest gaude eta hizkuntzaren mugarengatik hitzez esan ezin dutena irribarreen bitartez komunikatzen dute”. Zapatuan heldu zen Alvaro Sainzen ordezkoa eta bere esku utzi zuten antolakuntza lanak.
Atzo [martxoak 20] Ukrainako mugara arte joan ziren geratzen diren bi furgonetak betetzeko errefuxiatu bila. Aurreko bidaietan ez bezala, poliziaren kontrolak “gogorragoak eta zehatzagoak” direla aitortu dute. Gerrako egoera baliatuta asko dira pertsonen trafikoa egiten ari direnak. Zapatuan Ukrainako mugan hiru pertsona jaso zituzten: 16 urteko neska gazte bat, 23 urteko haurdun dagoen emakume bat eta urtebeteko bere semea. Txernobilekoak dira, euskaraz dakite, gazteleraz baino askoz hobeto Euskal Herrian egondako udengatik. Gernikara joan dira bizitza berri baten bila. Katowicera bidean beste neska batzuk batu zituzten eta Tarnown egin zuten lo.
Gaur goizaldean irten dira Lekeitioko Tximista atletismo taldearen furgoneta eta Isuntza arraun taldearena, guztira hamabi ukrainar ekarri dituzte. Bihar arratsaldean Durangon geldialdia egingo dute eta errefuxiatu bakoitzak bere bidea hartuko du. Batzuk Elorriora doaz, beste batzuk Durangon bertan geratuko dira, besteak Galdakaoko gizarte boluntarioen elkartearen esku geratuko dira, Txernobileko ama eta semea Gernikara joango dira eta bi izango dira Lekeitiora arteko itzuliko bidaia osatuko dutenak.