Lekeition egitarau feministari jarraipena emango diote
Zapatuan [martxoak 26] feminismoa literaturagaz batuko dute, eta apirilaren 1ean yogagaz.
Lekeitioko udal liburutegiak mugimendu feministagaz batera, feminismoa eta literatura tertulia antolatu du zapatuan 11:30etik aurrera kultur etxeko txitxintokian. Emakumeen nazioarteko eguna martxoaren 8a soilik ez dela aldarrikatu nahi du dute. Bideratzailea Amaia Nicholson elkarteko kidea izango da. Norbanakoa feminismora hurbiltzeko liburuen inguruan arituko da. Adin guztietarako solasaldia da, tarte bakoitzerako liburu proposamen bat luzatuko dute: Umeentzako cuentos de buenas noches para niñas rebeldes, gazteentzako la regla mola eta nagusientzako trikua esnatu da liburua.
Datorren barikurako, apirilaren 1erako, Lekeitioko mugimendu feministak yogagaz batuko du feminismoa 18:30etik 20:00etara trinketeko aretoan. Norbera zaintzeko tailerra izango da mugimendu adierazlea eta yoga izenpean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, osasun eta segurtasun neurriengatik, hamabost pertsonentzako edukiera bete da. Tailerreko irakaslea Idoia Goikoetxea izango da. “Helburua da arnasa hartzea, mugitzea, luzatzea, dantza egitea eta batez ere disfrutatzea”.